AKTUALITATEA


| 2025-05-05 10:05:00

Abiadura handiko plataforma berri baten eraikuntza proiektuaren aurrean, Miranda eta Iruñea arteko egungo trenbide korridorea modernizatzea proposatzen duen alternatibaren aldeko kanpaina abiatu dute Añanako Kuadrillako, Arabako Lautadako eta Sakanako EH Bilduko udal ordezkariek, “gaur egungo erronkei modu erabilgarrian, jasangarrian, azkarrean eta errentagarrian erantzuteko aukera egokia eta zentzuzkoa” delako. Korridore bakar batean hiru zerbitzu eskainiko lituzke Denon trena-k: herritarrentzako aldiriko trena, zerbitzu azkarra eta merkantziak.

“Azken hilabeteotan Abiadura Handiko Trenak gure eskualdeak nondik eta nola zeharkatuko dituen izaten ari da eztabaida politikoaren ardatz nagusienetariko bat. Balizko lotuneak aipatzen dira, ibilbideak marrazten dira baina eztabaida horretan tokian tokiko erakundeak eta eragileak ez dira kontuan hartu, ezta garraioaren eta mugikortasunaren ereduari dagozkion gainerako aldagai guztiak ere. Dirudienez, Abiadura handiko trena da alternatiba bakarra. Guk aldiz argi dugu. Alternatiba egon badago”, adierazi dute Aitor Larraza Sakanako Mankomunitateko lehendakariak eta Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak.

EH Bilduk defendatzen duen tren alternatiba hori erabilgarria, jasangarria, azkarra eta errentagarria da. Erabilgarria da jendeari zerbitzua ematen diolako, herriak eta hiriak lotzen dituelako eta industria guneei zerbitzua ematen dielako. Jasangarria da lurraldean orbain berririk sortzen ez duelako eta bikoizketak saihesten dituelako. Azkarra da abiadura handiko plataforma berri baten eta gaur egungo trenbidea modernizatzearen arteko aldea minutu gutxikoa delako. Eta errentagarria da Miranda eta Iruñea arteko kostua %45 murrizten delako, 500 miloi euro gutxiago, hain zuzen.

Arduraz jokatuz, lurralde kohesioa bermatuko duen garraio eta mugikortasuna da alternatibaren funtsa, ingurunea babestuz eta herritarrontzat onura sozial eta ekonomikoa ekarriz. “Gure eskualdeetako beharrei erantzuteko jendeari zerbitzua emanen dion tren erabilgarria behar da, herriak eta hiriak lotuz eta industrialdeei zerbitzua emanez”, zehaztu dute. “Finean, egungo korridorea modernizatzeak denbora lehiakorretan hiriburuak elkartzeaz gain, tokian toki geralekuak eta geltoki berrituak izango dituen kalitatezko tren publiko eta soziala izatea ahalbidetzen du”.

2022an Araba eta Nafarroako Trenaren aldeko plataforma herritarrak crowfounding baten bitartez abiatutako azterlanean oinarrituta dago proposamena.

Dinamika sozial eta instituzionala

Udal ordezkariek azaldu dutenez, korridoreko udalerrietan ekimen instituzionalak defendatuko dituzte maiatza eta ekaina bitartean; eta alternatiba  aztertzea eskatuko diote Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari, egungo mugikortasun eta garraio beharrei modu eraginkorrean erantzuteko tresna moduan.

Horrekin batera, herritarrei eta eragileei informazioa bideratzeko eta eztabaida soziala bultzatzeko konpromisoa hartu dute, eta sei hitzaldi antolatu dituzte korridorean xehetasunak azaltzeko asmoarekin.