AKTUALITATEA


| 2023-03-14 09:39:00

EH Bilduk konpromisoa hartu du Trebiñu Araban integratzearen aldeko akordioak bideratzeko lanean jarraitzeko. Hala adierazi du Eva Lopez de Arroyabe Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaiak, EH Bilduren Argan-tzongo eta Trebiñuko konderriko zerrendaburuekin bildu ostean. Pablo Ortiz de Latierrok eta Ritxar Astegietak alkategai izaten jarraituko dute hurrengo hauteskundeei begira. Horiekin batera, Trebiñun Pilar Vuleta eta Argantzunen Unai Zabala eta Isabel Pinedo egongo.

Lopez de Arroyabek gogorarazi duenez, azken legegintzaldi honetan integrazioaren aldeko aldarrikapenaren pultsua berreskuratu da. Izan ere, Trebiñuko eta Argantzongo osoko bilkurek adierazpen bat adostu zuten instituzio mahai bateratu bat aktibatzeko. Zoritxarrez, Trebiñuko Konderriko Udalean izandako aldaketek eragotzi egin dute martxan jartzea. Hala ere, EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela akordio zabalak eta bide orri partekatua lortzea integrazioan aurrera egiteko.

Gaur izandako bileran, EH Bilduk bi udalerrietan trantsizio energetikoan aurrera egiteko sustatutako ekimenak nabarmendu dituzte. Horrela, Argantzonen autokontsumo fotovoltaiko partekaturako eguzki-plakak jartzen ari dira udal pilotalekuko teilatuan. Errota zaharra zaharberritzen eta egokitzen ari den bitartean, energia hidroelektrikoa sortzeko. Behin Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu ondoren, proiektua eguneratzen ari da.

Bestalde, Trebiñuko Udalean EH Bilduk sustatutako energia-auditoria oso zehatza dago. Datorren legegintzaldiari begira, EH Bilduren helburua ekintza plan honetan jasotako inbertsioak gauzatzea da.

Azkenik, euskararen erabilera normalizatzeko plan bat onartu dute, Gaztela eta Leongo Juntak trabak jarri arren, bi udalerrietan euskararen erabileran aurrera egin nahi duena. Eta Argantzongo udalak zabaldu duen bidea jarraituz, memoria historikoa berreskuratzeko konpromisoa du EH Bilduk.