AKTUALITATEA


| 2023-01-19 10:49:00

Araba. 2023-01-19 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Aiaraldeko Eskualde Plan Estrategikoaren (PEC) atzerapena salatu du berriz; izan ere, joan den irailean aurkeztu behar zuen Diputazioak, baina oraindik ez da behin betiko testua onartu, Diputazioak berak emandako erantzunaren arabera. Lau hilabeteko atzerapena pilatu du planak, momentuz.

Joan den abenduan EH Bildu Araba batzarkide-taldeak idatzizko galderak egin zizkion Diputatu Nagusiari, planaren atzerapena ikusirik. Erantzunetan jasotakoaren arabera, Aiaraldeko berraktibazio sozial eta ekonomikorako planaren (PEC) testua ez da onartu oraindik, ezta jarduketen jarraipena egingo duen talde eragilea osatu ere. Parte-hartze prozesuari dagokionez, EH Bilduk salatu du «porrota» izan dela, eskualdean antolatutako foro sozialetan Aiaraldeko biztanleriaren % 0,42k baino ez baitu parte hartu.

Aiaraldeko PECek eskualdeak bizi duen egoera sozioekonomikoari aurre egiten lagundu beharko lioke. EH Bilduk Legebiltzarrean sustatu zuen ponentziaren ondorio zuzena izan zen, dagoeneko garatzen ari den Berehalako Jarduera Planarekin (PAI) batera, honen garapena ere behar baino motelagoa izaten ari bada ere. Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Arabako batzarkideak salatu du atzerapena, eta esan du ezin dela gehiago itxaron: «Plan honek Aiaraldeko berraktibatze sozioekonomikorako daukan garrantzia eta jasaten ari garen krisi gogorra kontuan hartuta, zaila da ulertzen metatzen ari den atzerapena».  

Kontroleko Osoko Bilkura

2018ko amaieran EH Bilduk planteatu zuen Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa berraktibatzeko ponentzia bat sortzea, eskualdeak azken hamarkadetan jasan duen etengabeko gainbehera ekonomiko, demografiko eta sozialari aurre egiteko asmoz. Ponentziaren lanak 2021eko azaroan amaitu ziren, eta bi lan tresna nagusi sortu ziren bertatik: PAI (Berehalako Jarduera Plana) eta aipaturiko PECa.

Hori guztia dela-eta, EH Bilduk Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari galderak egingo dizkio datorren otsailaren 1eko Kontroleko Osoko Bilkuran, azalpenak eman ditzan PECren atzerapenaz.