Albisteak

EH Bilduk iragarri du tokian tokiko errealitatea eta herritarren interesak lehenetsiko dituela udalak osatzerakoan


Ibon San Saturnino: EH Bilduko hautetsiak herriz herri ari dira hitz egiten indar politiko guztiekin, gehiengo nahikoak eta egonkorrak sortzearren

| 2019-06-13 12:53:00

Arabako 53 udalak osatzeko bi egun falta direnean, EH Bilduk iragarri du tokian tokiko errealitatea eta herritarren interesak lehenetsiko dituela udalak osatzerakoan. Horrela adierazi du Arabako EH Bilduko koordinatzaile Ibon San Saturninok Arabako Mahai Politikoko hainbat ordezkarirekin batera egindako agerraldian. “Kezkatzen gaitu alkatetzak alderdien exekutibek negoziatzeko dinamika horrek, baita gerora akordio horiek herrietan automatikoki ezartzeak ere, inolaz ere udal errealitatea zein udalerrietako herritarren nahiak eta interesak kontuan hartu gabe”, esan du San Saturninok.

Maiatzaren 26ko hauteskundeak igaro eta gero, EH Bilduko hautetsiak herriz herri ari dira hitz egiten Arabako udalerrietan ordezkaritza lortu zuten indar politiko guztiekin “gehiengo nahikoak eta egonkorrak”  ahalbidetzeko helburu bakarrarekin, alkate makila alde batera edo bestera eramateko ez ezik, udalerri bakoitzean datozen lau urteotan politika zehatzak garatzeko ere.

 

Pasa den hauteskunde kanpaina agindu zuen bezalaxe, EH Bilduk ahal diren tokietan Alderdi Popularra alkatetzetatik kanporatzeko konpromisoa bereganatu du, gehiengo alternatiboak sortzearren. Norabide horretan lanean ari da EH Bildu Bastidan eta Guardian. “Aurretik egin dugu, baina aurreko legealdian ikasi dugu ez dela nahikoa PP alkatetza batetik kanporatzea, baizik-eta horrekin batera beharrezkoa dela legealdirako ibilbide orri bat eta gobernantza eredu bat adostea ere”, zehaztu du. Ildo horretatik, EH Bilduk EAJrekin batera koalizio gobernuak osatzeko borondate irmoa dauka, “egonkortasuna eta gobernagarritasuna” bermatzeko.

 

Trebiñuri eta Argantzuni dagokienez, EH Bilduk uste du indar korrelazio nahikoa dagoela integrazioaren arloan aurrera egiteko ibilbide orria adosteko, eta norabide horretan ari da lanean. Horrexegatik, EH Bilduk ohartarazi du guztiz ulertezina izango zela EAJk integrazioaren kontra dagoen PPren sostengua bilatzea EH Bilduri alkatetza kentzearren.

 

“Uste dugu koalizio balizko akordio horiek elkarrenganako leialtasunean eta begirunean oinarritu behar direla, eta alde horretatik EAJk EH Bilduri Zigoitiko alkatetza kendu nahi izateak ez du laguntzen behar den konfiantzazko giro hori sortzen”, azpimarratu du San Saturninok.

 

Larunbatean ikusiko dugu ea tokian tokiko ikuspegi politikoa eta interesak edo edozein modutan alkatetzak lortzeko handikeria eroa eta interes alderdikoiak nagusitzen diren. EH Bildun sinetsita gaude herritarrek luzera saritzen dutela erantzukizuna neurririk gabeko anbizioaren kaltetan”, gehitu du. Eta adibide gisa aipatu ditu Artziniega eta Urkabustaiz, bi herri horietan larunbatetik aurrera koalizioak gehiengo absolutuarekin gobernatuko baitu.

 

San Saturninok hauteskunde emaitzak ere aipatu ditu. Izan ere, EH Bilduk bere historiako emaitzarik onenak eskuratu ditu. Udal hauteskundeetan 37.149 bozka lortzearekin batera, lehen indarra izan da hamabi udalerritan eta 121 zinegotzi eskuratu ditu. Foru hauteskundeei dagokienez, EH Blduk lortutako 33.841 bozkaren ondorioz hamabi batzarkide dauzka.

 

EAJ eta PSEren arteko hitzarmen ia ziurrak Foru Gobernuari gehiengo absolutua bermatzen badio ere, EH Bilduk azpimarratu du datozen lau urteotan bestelako gehiengoak ere osatu daitezkeela. “Ezkerreko indarrek Batzar Nagusietan 51 batzarkidetatik 26 dauzkagu, erabakitzeko eskubidearen aldeko batzarkideak 33 gara, autogobernu berriaren aldekoak 29... Foru Ganbera, beraz, bestelako gehiengo zabalak ere sortzeko gauza da”, zehaztu du.