AKTUALITATEA


| 2024-10-16 09:42:00

Seinalizazioa hobetzea, Arabako Errioxako herritarrei aparkalekua erraztea eta TAO sistema kontrolatzeko langileak kontratatzea proposatu du EH Bilduren udal taldeak

Laguardia. 2024-10-16 | Laguardiako EH Bildu udal-taldeak mozio bat erregistratu du osoko bilkuran eztabaidatzeko: EH Bilduk Aparkalekua Arautzeko Ordenantza hobetzeko neurriak jarri ditu mahai gainean, alderdi guztien artean eztabaidatzeko.

Laguardiako EH Bilduren helburua da sistema eraginkorragoa izatea, baita erabilerrazagoa ere, bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat: «Ordenantza gure herrian martxan jarri ondoren eta hilabete batzuk igarota, EH Bildu Laguardia udal taldeak beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du egungo sisteman zuzenketa eta berrikuntza batzuk planteatzea, erabiltzaileentzat zein egoiliarrentzat eraginkorragoa, atseginagoa eta erakargarriagoa izan dadin», adierazi dute udal taldetik.

Zehazki, EH Bilduk proposatu du Ordenantzan jasotako kokalekuen seinalizazioa hobetzea, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez adierazita, baita sistemaren funtzionamendua azaltzeko eskuorria argitaratzea ere, ostalaritza-establezimenduetan eta turismo-bulegoan banatzeko.

Horrekin batera, tokiko merkatariek eta Arabako Errioxako beste herrietako biztanleek proposatuta, EH Bilduk eskatu du aparkalekuan sortu diren arazoak konpontzea. Horretarako, bi proposamen egin dituzte: alde batetik, astelehenetik ostiralera bi orduko gehieneko tartean aparkatzeko plazak ezartzea (erabileraren arabera erabakiko litzateke ordainpekoa izatea ala ez), eta bestalde, Arabako Errioxako gainerako herrietako biztanleek aparkatu ahal izateko aparkaleku-txartel berezia sortzea.

Azkenik, «enplegu publikoa bultzatzeko eta oporrak, bajak eta abar estaltzeko lan-poltsa bat sortzeko» helburuarekin, ordenantzaren kontrol-sistema ezartzea ere proposatu du EH Bilduk. Horretarako, udal-langileen zerrendan kontrolatzaile-lanpostu bat sortzea planteatu dute, 2025eko ekaina baino lehen egin beharreko lan-eskaintza publiko bidez beteko litzatekeena. Gainera, Lanbiderekin eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Sailarekin elkarlanean aritzea ere eskatu dute, «erakunde horiekin elkarlanean kontrolatzaileen prestakuntza eta hautaketa antolatzekoa, prozesu publikoen bidez».