Gasteiz. 2023.05.24. EH Bilduren Arabako ahaldun nagusigaiak, Eva Lopez de Arroyabek, herrialderako duen eredua aurkeztu du gaur. Hautagaiak Araba hobe bat lortzeko bere proiektua aldarrikatu du: «Maite duzun Araba hori guztion artean eraikiko dugu, guk herritarren kezkei erantzuten diegulako eta guk herritarrekin soluzioak hausnartzen, konpartitzen eta bilatzen ditugulako. Foru Jauregiaren honen ateak eta leihoak zabaldu behar ditugu, haize freskoa sartzeko eta herritarren parte hartzea sustatzeko ere bai».
«Zerbitzuen publikotasunaren alde egiten dugu, zaintza sistema publiko baten alde, mugikortasun jasangarriaren alde, gertuko elikadura osasuntsuaren alde, trantsizio energetikoa eta energía demokratizazioaren alde eta nola ez, aberastasunaren banaketaren alde gaude», zehaztu du Lopez de Arroyabek. Azpimarratu du baita ere Euskal Herria Bilduk proiektu «sendo» bat Arabako herritar guztientzako: «Kezkaz ikusten ari gara herrialdea urteak daramatzala geldirik, inertzian oinarritutako gobernu batekin. Eta aldaketa azkarren garaian geldirik egotea posizioak galtzea da. Gure apustua da hobeto biziko garen Araba bat elkarrekin egitea. Hori da gure konpromisoa».
Bestalde, Gasteizko alkategai Rocio Viterok herrialdean erakundeen arteko lankidetza areagotzearen alde egin du: «Munizipalismoa ikusten dugu geure herriaren indar traktore eta motor handi gisa, baina jakin badakigu geure erakundeak lerrokatzea beharrezkoa dela herritarrei erantzunak eta ziurtasunak emateko». Hori dela eta, Eva Lopez de Arroyaberen hautagaitza babestea eskatu du Viterok. «Igandean Gasteiz, Laudio, Amurrio, Agurain, Oion eta geure udalerri guztietako hautestontziak beteko ditugu geure udal hautagaitzen boto paper zuriarekin, baina baita ere beteko ditugu hautestontziak boto paper sepiarekin Eva Lopez de Arroyabe Arabako diputatu nagusi izan dadin. Arabako Foru Aldundiaren agintean Euskal Herria Bildu indartsu bat izatea bermerik onena da geure hiri eta herrietan jendearen bizitzak hobetzen dituzten proiektuak eta proposamenak garatzen jarraitu ahal izateko».