Eva Lopez de Arroyabe: «Araban energia berriztagarria ordenarik gabe hedatzen ari da, eta enpresa sustatzailearen eta lurren jabeen interesek bakarrik definitzen dute azpiegitura horien kokapena»
Araba. 2026-01-20. EH Bilduk errefusatu egin ditu Arabako Solariaren proiektu berriak, eta instituzioek euren erantzukizuna hartzeko, proiektuak aztertzeko eta alegazioak aurkezteko deia egin die. Solariak Araban beste 19 eguzki-parke eraikitzeko administrazio- eta ingurumen-baimenak eskatu dizkio dagoeneko Eusko Jaurlaritzari. 923 megavatioko potentzia bateratuaz ari gara, Euskal Autonomia Erkidegoan orain arte instalatutakoaren ia hirukoitza. 19 proiektu, gehienak 50 megavatiokoak; 1.200 hektarea inguru hartuko lituzke, eta Arabako 13 udalerriri eragingo lieke.
EH Bilduk gogorarazi du proiektu hau lotuta dagoela Araban sortzen den energia Zierbenara eraman nahi duen goi-tentsioko linearekin. Solariaren planak beteko balira, Solariak 30 bat zentral fotovoltaiko jarriko lituzke Araban.
"EH Bilduk berretsi du energia berriztagarria ordenarik eta kontrolik gabe hedatzen ari dela Araban, eta enpresa sustatzailearen eta lursailen jabeen interesek bakarrik definitzen dutela azpiegitura horien kokapena. Inork ezin du zalantzan jarri larrialdi klimatiko batean gaudela, eta horri erantzutea da daukagun erronka handienetako bat ", nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak.
Ildo horretan, gogorarazi du EH Bilduren proposamena trantsizio ekosozialaren erronka aukera gisa ulertzeko. "Lurralde antolaketa, plangintza, naturaren babesa, interes orokorraren defentsa, parte-hartzea eta baliabideen demokratizazioa dira EH Bilduren proposamena gidatzen duten irizpideak", gogorarazi du Lopez de Arroyabek.
Helburu horrekin, EH Bilduk mozio bat erregistratu du Arabako 13 udalerritan (Gaubea, Kuartango, Iruña Oka, Erriberagoitia, Lantaron, Erriberabeitia, Armiñon, Zanbrana, Berantevilla, Zigoitia, Zuia, Arratzua-Ubarrundia eta Gasteiz), baita Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean ere. Bertan, proiektu energetikoen kontrolik gabeko hedapenaren aurka dagoela adierazten du eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote bere gain har dezala proiektuen hedapena ordenatzea eta prozesu deliberatiboak martxan jartzea. Gainera, Solariak aurkeztutako proiektu guztiak bertan behera uzteko edo berrikusteko aukera aztertzeko eta mekanismoak ezartzeko eskatzen diete erakunde eskudunei. Azkenik, eta erakunde horiek Administrazio Batzarrekin lankidetzan aritzera animatzen ditu, alegazioak egin ditzaten.