EH Bilduk urtarrilean bidali zuen aurrekotuetarako proposamena, baina Udal Gobernuak atzera bota zuen, eta herria aurrekontu luzatuekin egon da geroztik
Bernedo. 2024-07-16 | EH Bildu Bernedo udal taldeak deitoratu egin du asteleheneko osoko bilkuran EAJk PPren babesa jaso izana Bernedoko aurrekontuak onartzeko.
Bernedok 2023ko aurrekontuak luzatuta funtzionatua du orain arte. Astelehenean egindako osoko bilkuran, EAJk eta PPk euren botoak batu zituzten «2023ko aurrekontu luzatuen copy-paste hutsa» baino ez diren aurrekontuak aurrera ateratzeko, EH Bilduren arabera. EH Bilduren ustez, PPren babesa izatea ez da ona Bernedorentzat, politika publikoak ahuldu egingo direlako.
Eneko Mendazak, EH Bilduren Bernedoko bozeramaileak, salatu du EAJren Udal Gobernuak nahiago izan duela PPk ordezkatzen duen eskuinera jo, oposizioko taldeekin zintzotasunez negoziatzea baino. «Gure herritarren bizitzak hobetuko dituzten proiektuak martxan jartzeko urrezko aukera galdu dugu», azaldu du Mendazak. Gainera, salatu du aurrekontu hauek onartu direla uztailean eta, beraz, urrian sartuko direla indarrean, hau da, «2025eko aurrekontuetan pentsatzen eta negoziatzen hasteko momentuan».
Mendazak esan du akordio honen berri izan dutela «azken momentuan»; «EH Bilduk, aldiz, beti gardentasunez jokatu du, bai Gobernuaren aurrean, eta baita herritarren aurrean ere», adierazi du bozeramaileak. Joan den urtarrilean, EH Bildu Bernedok proposamen ireki bat igorri zion EAJren Udal Gobernuari, udalerriko bizilagunen beharrei erantzuteko, aurrekontuen eztabaidari begira. Proposamenen artean, EH Bilduk bi arlo azpimarratu zituen bereziki: aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan aurrera egitea eta etxebizitza eskuratzeko aukera sustatzea. Lehenengo kasuan, partida bat planteatu zuen energia-komunitateak martxan jartzeko eta eraikin publikoetan plaka fotovoltaikoak jartzeko. Bigarren kasuan, etxebizitzak alokatzeko laguntza ezartzea eta pizgarri fiskalak sortzea, etxebizitza merkatura atera ahal izateko. Gainera, proposatu zuten kultura, euskara eta berdintasunera bideratutako partidak handitzea, adinekoen egoitzaren eta herrigunearen arteko espaloia egokitzea eta kirol-instalazioak hobetzea.
Bere proposamena aurkeztu ondoren, EH Bildu Bernedok ez zuen babestu EAJren gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua, Gobernuak elkarrizketarako borondaterik erakutsi ez zuela egiaztatu ondoren. Porrota izan zen hori, EH Bilduren ustez, pasa den legealdiko kontuak luzatu behar izan baitzituen EAJren Gobernuak. EH Bilduk Gobernuaren jarrera kritikatu du, bi aukera baino ez zituelako, eta PPren eskutik joatea erabaki duelako.