AKTUALITATEA


| 2021-11-16 10:44:00

EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa erregistratu du gaur Batzar Nagusietan, Rodolfo Martin Villa Espainiako Gobernazio Ministro ohiaren auzipetzea babestea eskatzeko.

Mozioaren lehen puntuan ministro ohia Pedro María Martinez Ocio, Francisco Aznar eta Romualdo Barroso gasteiztarren eta German Rodriguez iruindarraren hilketengatik auzipetu dutela adierazten da, gizateriaren aurkako frankismoaren krimenen testuinguruan, eta Batzar Nagusiek auzipetze hori babestea eskatzen da.

Era berean, Espainiako Gobernuari eta Justizia Administrazioari eskatzen zaie aktiboki parte hartzea Servini epaileak emandako auzipetze-prozeduran. Mozioa Maria Servini epaile argentinarrari berari helaraziko zaio.

Martxoak 3

Ez da lehen aldia Batzar Nagusiek halako eskaera bat babesten dutena: 2014an, Frankismoaren Krimenen Aurkako Argentinako Kereilaren Aldeko Plataformaren lana babesteko mozioa onartu zen, eta harrezkero, hainbatetan adierazi dute Batzar Nagusiek martxoaren 3ko Gasteizko biktimekiko elkartasuna.

Moziok gogoratzen du, bestalde, EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuak uko egin ziola Frankismoaren Aurkako Arabako Kereila aurkezteari, Servini epaileak Argentinan zabaldutako auzibidea babesteko modu gisa.