AKTUALITATEA


| 2021-11-29 11:11:00

EH Bildu Araba batzarkide taldeak Arabako aurrekontuetarako bere proposamen nagusiak igorri dizkio gaur Arabako Ahaldun Nagusiari: orotara, 12 milioi euroren balioko proposamenak dira, lau ardatzetan banatuta: gizarte politikak, eredu sozioekonomikoa, trantsizio energetikoa eta gobernantza-eredua. Gaur bertan helarazi dizkiote proposamenak Arabako foru-gobernuari. 

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Araba batzarkide-taldearen bozeramaileak eta Claudia Venceslao batzarkideak emandako azalpenen arabera, EAJ eta PSEren foru-gobernuaren aurrekontuetan “apenas dagoen berritasunik”. Fernandez de Pinedoren esanetan, “Ramiro Gonzalezek berak ‘lurraldearen transformazioa’ hitzetik hortzera badarabil ere, dauden berritasun apurrak ziurtatu gabeko Europako Funtsen finantzazioari lotuta daude”. 

Hala, gaur egindako proposamenak akordio baterako oinarriak dira, bozeramailearen esanetan: “Gai nagusi hauen inguruko akordioa lortuta, akordio orokorrago bat lortzetik hurbilago kokatuko ginateke”. Hortik aurrera, gainerako sailetarako bestelako partidetan ere ekarpenak egingo lituzke EH Bilduk. 

Lau ardatz nagusi

Trantsizio energetikoan, “foku-aldaketa” proposatu dute, eraikin publikoetan efizientzia energetikoari eta autokontsumoari lotutako proposamenekin; hondakinen kudeaketan, aldiz, hondakinen bilketa selektiboa eta hondakin organikoen tratamendu egokia aipatu dute, ekonomia zirkularra eta nekazaritzan berrerabiltzea aintzat hartuta. 

Gizarte politiken arloan, GOFEko langile kopurua handitzea proposatu du Venceslao batzarkideak, baita “egoitza pribatuen lan hitzarmenaren afera ixteko milioi bat euro bideratzea” ere. San Prudentzio egoitza publikorako hainbat urtetarako sei milioiko kreditua eskatu dute, EH Bilduk proposatutako San Prudentzio bizirik ekimenaren ildoari jarraikiz. 

Sozioekonomian, bi proposamen nagusi egin dizkiote Foru Gobernuari: bigarren belaunaldiko baterien gigafaktoriarako milioi bat jada nominatiboki gordetzea, eta Aiaraldea biziberritzeko planaren finantzazioa areagotzea, 27 milioiko balioraino. 

Azkenik, gobernantzari lotutako proposamenetan, EH Bilduk Arabako landa-eremurako aurkeztutako Landa eremua ABAGUNE programaren ildotik, Arabako herrien biziberritze integrala eta arrakala digitala saihesteko neurriak jarri dituzte mahai gainean.