Albisteak

EH Bilduk Arabar Errioxako berezko izendapena landu eta abiaraziko du


Eskualde-ospitalea bultzatu nahi du Lezan, baita kultura eta kirolerako azpiegiturak ere

| 2019-05-19 13:24:00

EH Bilduk bide hori egin nahi duten ardogileekin batera, Arabar Errioxako berezko izendapena landu eta abiaraziko du, beti ere egungo DOCen geratu nahi dutenen borondatea errespetatuz eta babestuz. Horretarako Eusko Jaurlaritzari jarraituko dio eskatzen jarrera proaktiboa izan dezala, Espainiar Estatuko zein Europako instituzioek izendapen berria abiarazteko prozedura burokratikoa ahalik eta gehien azkartu dezaten. Horrekin batera, batez ere, ekialdeko herrietan olibondoak eta oliogintza bultzatu nahi ditu. Hori defendatu dute, besteak beste, Kike Fdez de Pinedok eta Gabi Friasek Guardian egindako ekitaldi politikoan.

 

Horrekin batera, EH Bilduk Lezan eskualde- ospitalea jarri nahi du. “Arabar Errioxako eskualde-ospitale bilakatu dadila. Ildo horretatik egun dauden espezialitateez gain, ezinbestekoa deritzogu bertan ginekologia zerbitzuak (mamografiak egiteko beharrezko azpiegitura barne) modu iraunkorrean eskaintzeari. Horrekin batera, bertan kokatuko dugu Arabako Hegoaldea artatuko duen anbulantzia medikalizatua”, azaldu dute.

 

Horrez gain, kultura eta kirol azpiegiturak bultzatuko ditu EH Bilduk. “Gabezi ugari daude arlo honetan eta kuadrilla osorako kirol eta kultur azpiegituren multzo bat abiaraziko dugu, bikoizkeriak eta handikeriak ekidinez. Zehazki, erabilera anitzeko antzoki-zinema bat, igerileku estalietako gune bat, ardogintzari buruzko interpretazio eta dokumentazio zentro bat eta aire zabaleko kirol gune bat, kanpo igerilekuak ere izango dituena”, aipatu ditu Kike Fdez de Pinedo Arabako Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak.

 

Bestalde, turismoari dagokionez, Arabar Errioxa osorako Turismo Plan Estrategikoa aldarrikatu du EH Bilduk. Plan horren bidez, besteak beste, Kuadrilla osoaren mota guztietako ondare historiko eta kultural ezin aberatsagoa balioesteaz gain, berau babesteko neurri eraginkorrak ere hartuko ditugu. Azkenik etxebizitza, garraioa eta uraren kudeaketa aipatu dituzte.

 

 

Etxebizitza dagokionez, gazteei begirako etxebizitza politika azpimarratu dute EH Bilduk hautagaiek eta AHTrik ez dutela nahi argi eta garbi agerian utzi dute. Azkenik, ura pribatizazio arriskuan dagoela ohartarazi dute. Horren aurrean, uraren kudeaketaren eskumena toki erakundeena dela gogoratu dute eta Foru Aldundiak abian jarri duten zentralizazio prozesua gogor kritikatu dute.