AKTUALITATEA


| 2022-09-18 12:52:00

Lantziego. 2022/09/18. Arabako Errioxako mahats bilketaren jaian EH Bilduk sektorea babesteko, bultzatzeko eta defendatzeko deia egin du “mezu garbien eta erabaki ausarten bidez”. “Bakarrik premisa horietan oinarrituta berma daiteke Arabako Errioxan bizi eta lan egiten dutenentzako etorkizun duina”, nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkide eta Arabako ahaldun nagusia izateko hautagaiak.

Hori dela eta, Errioxa Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzaileari zuzendu zaio ez dituelako upategi txiki eta ertainak babesten, ezta defendatzen ere; aitzitik, zalantzazko legezkotasuna duten neurriak hartuz mehatxu egitea leporatu dio. Zentzu horretan, produktuak ekoizteko eta saltzeko alternatibak bilatzen dituztenak diskriminatuz, upeltegiak ez ezik, eskualdea ere arriskuan jartzen duela ziurtatu du.

“Kontseilu Arautzaileak errespetatu egin behar ditu upategi txiki eta ertainak, egun hauetan mahatsa nori eta zenbatean salduko dioten zalantza dutenak; arduratsua izan behar du, eta ez du modu autoritarioan jardun behar, oztopoak jarriz Errioxa Jatorri Deituraren izenpean ordezkatuta sentitzen ez direnei”, gaineratu du.

Mahats-bilketaren jaian, Lopez de Arroyabek eskualdean kalitateko ardoak ekoizten dituzten eta mahastiak zaintzen dituzten pertsona horien guztien lana balorean jarri nahi izan du. Halaber, gogorarazi du sektorearentzat garai zailak direla, krisi klimatikoak areagotuta, eta Arabako Mahastiak bezalako proiektuen asmoa etorkizun duin bat bermatzea baino ez dela, mundu globalizatu batean bizirauteko.

Azkenik, Lopez de Arroyabek gogorarazi du Elikadura-katearen Legea bete behar dela, eta mahatsaren prezioak ekoizpen-kostuak kubritzeaz gain, bizi-baldintza duinak ere bermatu behar direla, eskualdeko mahastizaintza-sektorearen etorkizuna bermatzeko.