EH Bilduk Arabako bilgune berria inauguratu du gaur eguerdian. Hilabeteko obren ostean, EH Bilduk badu egoitza berri bat Postas kalean, lehengo egoitzaren ondoan. Ibon San Saturninok Arabako arduradun politikoak gogoratu duenez, 2015ean zabaldu zen orduko lokala egoitza elektoral bezala. “Orduan esaten genuen Araban ezkerreko independentismoa agertoki politikoaren 4. Hanka zela. Orduz geroztik hazi eta zabaldu egin gara eta laurren hanka hura izatetik Arabako lehen indarra izatera pasa gara. Lehen indarra herrialdean, lehen indarra hiriburuetan eta lehen indarra 30 udalerrietan”, aipatu du San Saturninok.
Inaugurazio ekitaldian Arnaldo Otegik Koordinatzaile Nagusiak, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Batzarkide Taldeko bozeramaileak eta Rocio Vitero Gasteizko Udal Taldeko bozeramaileak ere parte hartu dute. Azken biek azken hamarkadako ibilbideari errepasoa egin diote.
“Orain erronka berriak ditugu”, azpimarratu du Arabako arduradun politikoak. “Herrialde honen lidergoa gure gain hartzeko erronka daukagu, hurrengo hamarkadetan eman behar diren aldaketa handien gidaritza gure gain hartzeko aldaketa horiek Euskal ikuspegitik eta ezkerreko ikuspegitik eman daitezen, gizarte hobeago eta justuago bat eraikitzeko izan daitezen eta aldaketa horiek Euskal estatuaren eraikuntzan lagundu dezaten”, gaineratu du.
Arnaldo Otegik ere EH Bilduk Araban egin duen ibilbidea goraipatu du. Ekitaldian Iñaki Ruiz de Pinedori omenaldi txiki bat egin zaio. Izan ere, atzo bertan iragarri zuen otsailean bere ibilbide politiko aktiboari amaiera emango diola.