AKTUALITATEA


| 2021-11-19 12:33:00

Diru gehiago dagoen arren, egungo ereduari eusten diote Foru Aldundiaren urteko kontuek, eta agerikoa da “eredu horren porrota”, EH Bilduren ustez, ez baitute inolako aldaketarik ekartzen

Foru Gobernuak negoziatzeko borondate eskasa antzeman du EH Bilduk 

Joan den astelehenean aurkeztu ziren aurrekontuak aztertu ditu EH Bildu Araba batzarkide taldeak, eta hasierako susmoak berretsi ditu: 2022. urteko aurrekontuek ez dituzte asetzen Arabak egungo egoeran dituen beharrak.

Adibide gisa, trantsizio energetikoaren auzia ipini du mahai gainean Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak: “Gero eta gehiago dira mundu mailan eredu aldaketa aldarrikatzen duten ahotsak, eta Foru Gobernuaren aurrekontu hauek egungo ereduan sakontzea besterik ez dute proposatzen, eredua agortuta dagoela argi geratu den arren”.  

Autokontsumoaren, efizientzia energetikoaren eta berriztagarrien zabalpenerako inbertsio eta dotazio ekonomikoen falta larria sumatzen da aurrekontuetan, EH Bilduren esanetan, aurrekontuen % 0,2 baino gutxiagoa baita: “Ez da inon ikusten klima aldaketarekin lotutako ekimenik”. Hondakinen tratamenduari dagokionez ere, “planteamendu zaharkitu edota zalantzazkoekin batera, berrikuntzarik ez da ikusten inon; diru gehiago dagoen arren, eta egungo egoerak zirt edo zart egitea eskatzen duen arren, porrot egin duen eredu baten alde egiten jarraitzen du Gobernuak”, adierazi du Fernandez de Pinedok.

Hitz egiten jarraitzeko prest

Bozeramaileak adierazi du Ramiro Gonzalezen gobernuarekin hitz egiteko prest daudela, baina zalantzan ipini du negoziatzeko prestutasuna: “Zaila da aurrekontua negoziatzea behin aurkeztuta dagoenean: horrek adierazten du Foru Gobernuak akordioetara heltzeko borondate gutxi duela”.

Ildo horretan, EH Bilduk berretsi egin ditu Arabarako ezarritako lehentasunak: gizarte politiketan eta zaintzan inbertsioak areagotzea, eraldaketa sozioekonomikoa eta trantsizio energetikorako baliabideak gehitzea, gobernantza eredu partekatua abiaraztea eta toki-erakundeei behar besteko arreta ematea.