Adostutako mozioan Sekretu Ofizialen Legearen erreforma desblokeatzeko akordioa eskatu diete alderdi politikoei, egun hartako informazio guztia desklasifikatzeko eta argitaratzeko
Araba. 2026-02-02 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak akordio bat lortu du Batzar Nagusiek martxoaren 3ko Memoriala sortzearen alde daudela adierazteko eta Memoriala irekitzeko lanak bizkortzeko eskatzeko inplikatutako erakunde guztiei.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak gogorarazi du hilabete barru 50 urte beteko direla Espainiako Poliziak Arabako langileen aurka inoiz egin duen sarraski handienetik. Urte hauetan zehar, era askotako ekimenak egin dira eraildako 5 langileen, ehunka zaurituen eta haien familien memoria eta duintasuna berreskuratzeko. «Zoritxarrez, borroka horrek eta jasandako errepresioak ez dute erakundeen aintzatespenik eta erreparaziorik jaso urteetan zehar, eta urtero milaka pertsona ateratzen dira Gasteizko kaleetara martxoaren 3an», esan du López de Arroyabek. «Hala ere, ukaezina da gizartearen presioak bere fruituak ematen dituela, eta zentzu horretan ulertzen da erakundeek akordio bat sinatu izana Zaramagako San Frantzisko elizan Martxoaren 3ko Oroimenezko Gunea eraikitzeko».
EH Bilduren jatorrizko mozioa Azaroko Osoko Bilkura Tradizionalean eztabaidatzeko aurkeztu zen. Bilkura horretan, Gasteizi dagozkion gaiak soilik jorratzen dira, baina Elkarrekin Arabak, EAJk eta PSEk, euren botoekin, eztabaida hori saihestu zuten azaroan. Jatorrizko ekimen hartan, Martxoaren 3ko biktimen elkarteak egun esanguratsu horren 50. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldietan erakundeen inplikazio aktiboa ere eskatzen zen, baina azkenean ez da puntu hori sartu EH Bilduk, EAJk eta PSEk gaur adostutako mozioan.
Onartu den mozioan, Arabako Batzar Nagusiek «inplikatutako erakunde guztiei eskatzen diete Martxoaren 3ko memoriala ahalik eta lasterren eraikitzeko behar diren lanak bizkortzeko», eta «Martxoaren 3ko biktimek merezi duten egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea» berresteko. Azkenik, «Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatzen diete akordio bat lor dezatela, Sekretu Ofizialen Legearen erreforma desblokeatzeko eta, besteak beste, martxoaren 3ko gertakariei buruzko informazioa eskuratzea errazteko».
«Martxoaren 3a herri honen oroimenean iltzatuta geratu den data da, eta herri-ekimenari esker, justiziaren eta erreparazioaren aldeko aldarria inoiz baino ozenago iritsi da gaur egunera arte. Bada garaia erakundeek ere etxeko lanak egin ditzaten», ondorioztatu du Eva López de Arroyabek.