EH Bilduren ekimenez, Batzar Nagusiek aldundiari eskatu diote premiazko ikuskapenak egiteko eta ikuskatzaileek agindutako zigor neurriak hartzeko, baita familiei emaitzen berri emateko ere
Araba. 2024-10-09 | EH Bildu Araba batzarkide taldearen mozio batean oinarrituta, Batzar Nagusiek premiazko ikuskapenak egiteko eta Arabarrenen behar diren zehapen-neurriak hartzeko eskatu diote Aldundiari, zentro horretan bizi diren pertsonen hainbat familiak egindako salaketen ondoren.
Aho batez adostutako hiru puntuko mozioak, premiazko ikuskapenak eskatzeaz gain, ikuskapen-zerbitzuko langileek antzemandako akatsak konpontzeko neurriak premiaz hartzea ere eskatzen du. Azkenik, Batzar Nagusiek Aldundiari eskatu diote erabiltzaileen familiei ikuskapenen emaitzen berri emateko, bai eta egoitzan salatutako irregulartasun larrien aurrean aurreikusitako neurrien berri emateko ere.
Onartutako ekimenaren oinarrian irailaren 23an premiaz aurkeztutako mozioa dago, EH Bilduk egoitzako erabiltzaileen familia batzuen salaketaren berri izan ostean aurkeztu zena. Salaketa hartan, jatorri ezezaguneko hematomak, ohetik erortzea, logeletako gehiegizko tenperatura, medikazioko akatsak edo arroparen galera nabarmentzen ziren. Horrekin batera, familiek ere salatu zuten langile gutxi zituztela senideak behar bezala artatzeko.
Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkidea pozik agertu da akordioarekin, salaketa oso larria dela iritzita, nahiz eta «Arabarren modeloa handinahikeriaz iragarritako zaintza eredu berri baten harribitxi gisa saldu ziguten». «EH Bilduk askotan salatu du Foru Gobernu honen politikek prekarietatea baino ez dutela ekartzen, eta prekarietate horren ondorioz, zaintzeko eta zainduak izateko baldintzak ez direla egokiak», salatu du batzarkideak.
Claudia Venceslaok bere taldearen babesa helarazi nahi izan die salaketa jarri zuten senideei. «Babes osoa helarazi nahi diegu gai hau argitara emateko urratsa eman duten familiei. Badakigu ez zela erraza izango, eta zuen ausardia eskertzen dizuegu. Senide eta erabiltzaileek bizitzen ari diren larritasun-mailak izugarria izan behar du». Era berean, langileen lan-baldintza eskasak salatzeko ere baliatu du bere hitzartzea, langileen hainbat idazkitako pasarteak irakurrita.