AKTUALITATEA


| 2021-10-27 13:16:00

Azazetan proiektatutako parke eolikoak eragingo dituen kalteei buruzko txostena argitaratu den honetan, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu du EH Bilduk, Foru Aldundiaren txostenean jasotakoei buruzko azalpenak eman ditzan. EH Bilduk jakin nahi du ea Ahaldun Nagusiak bideragarritzat jotzen duen parkea, txostenean esaten direnak jakin ondoren.

Foru Aldundiaren txostenaren arabera, Azazetan parke eolikoa ezartzeak “inpaktu larria” eragingo luke eremuan, animalien eta landarediaren hainbat habitat naturaletan izango bailuke eragina. Aldundiaren arabera, Aixeindar enpresak proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren txostenak kalte horiek gutxietsi egin zituen.

Arkamu eta Iturrieta

EH Bilduk gogora ekarri du Arkamun eta Iturrietan parke eolikoak ezartzeko egitasmoak baztertu zituela Eusko Jaurlaritzak antzeko arrazoiengatik. Hori dela-eta, “planifikazioa eta adostasun soziala” eskatu ditu beste behin ere: energia eolikoaren lurralde plan sektoriala beharrezkoa dela uste du EH Bilduk. Gogora ekarri dituzte, halaber, Azazetako parkearen aurka toki erakundeek eta herri-mugimenduak egindako alegazioak.