AKTUALITATEA


| 2023-03-22 12:24:00

EH Bilduk Arabako landa-eremua biziberritzeko agentzia bat sortzea planteatu du,  bereziki hegoaldeko eskualdeetarako (Arabako Errioxa, Añana, Arabako Mendialdea eta Trebiñu). Eva Lopez de Arroyabe Arabako Ahaldun Nagusigaiak egin du, Rob Gibson eta Joseba Otondoren eskutik. Lehena Eskoziako Parlamentuko kidea izan zen non duela urte batzuk antzeko esperientzia arrakastatsu bat martxan jarri zen. Bestalde, Joseba Otondo Baztango alkatea da. Bertan udal autonomia, etxebizitza, zaintzak eta landa eremuaren ikerketa eta berrikuntzarako zentro bat ardatz dituen estrategia bat abian jarri dute.

OREKA agentziaren helburua Arabako landa-eremuen ekonomia, gizartea eta demografia birgeneratzea da. Izan ere, Arabako 51 udalerrietatik 18k 500 biztanle baino gutxiago dituzte, eta 45 toki-erakunde eta bi udalerri (Harana eta Lagran) despopulazio arrisku oso handian daude. Egoera horri buelta emateko, EH Bilduk agentzia autonomo bat bultzatuko du, eta zuzendaritza organoa Arabako Foru Aldundiak eta toki entitateek izendatuko dute.
Bulego horrek hainbat lanbide-profil izango ditu (abokatuak, ekonomistak, kultura-teknikariak eta abar), eta Mendialdean, Arabako Errioxan, Añanan eta Trebiñun izango ditu bulegoak, pertsona eta jarduera berriak landa ingurunera erakartzeko bide berriak aztertu ahal izateko.

Izaera publiko-komunitarioa izango du, sinergiak sortzea izango du helburu, eta funtsezkoa izango da lankidetza enpresa pribatuekin, landa-eremuan lan egiten duten elkarteekin, ikastetxeekin eta enpresa-sarearekin. Bere egitekoen artean dago aholkularitza egokia eskaintzea ekonomikoki bideragarriak diren inbertsio-proiektuak diseinatzean, komunitateak ahalduntzen lagunduz eta ekintzailetza eta enpresa-proiektu berriak abiarazten lagunduko duen lege-esparrua eskainiz. Lehentasuna emango zaio gizarte-ekonomiari etekinak lehengoratzeko berme gisa, bai eta ekonomia zirkularra, energia-autokontsumoa, energia-kontsumoaren efizientzia eta murrizketa, deskarbonizazioa eta mugikortasun jasangarria bultzatzen dituzten proiektu komunitarioei ere.

“Ikuskatzaile ibiltarien talde bat sortuko da, biziberritzea gidatuko duena. Horretarako, dagoeneko herrietan bizi direnei lagunduko die, soluzioak eskainiko dizkie eta proiektuak eta lana erraztuko dizkie. Arreta berezia jarriko da gazteengan, beren bizi-proiektua garatu ahal izan dezaten, beren herrietan edo ingurunean lanerako eta bizitzeko alternatibak bilatuz. Era berean, belaunaldien arteko erreleboa bultzatuko da nekazaritza-jardueretan, bai familia-inguruneko gazteen kasuan, bai gazte berrien kasuan, lurrarekin politika protekzionistak bultzatuz eta lur publikoak gaituz helburu horretarako”, Lopez de Arroyabek azaldu duenez.

“Jarduteko ardatz estrategikoen artean daude lehen sektorea, ekipamenduak, etxebizitza, oinarrizko zerbitzuak, enplegua eta ekonomikoa, mugikortasuna eta kultura eta aisialdia. Ezinbestekoa da lurraldea biziberritzeko estrategian alderdi psikologiko eta kulturalak txertatzea, landa-harrotasunaren zentzua berreskuratuz. Horretarako, landa-eremuan zein hiri-eremuan sentsibilizazio-programak garatuko dira, eskola-ingurunean arreta berezia jarriz, pertsonak lurraldean bertan gelditzearen aldeko apustua egitera edo bizi-proiektu baten agertoki gisa herri bat aukeratzera eramango dituen sustraitzea sustatzeko”, gaineratu du.

Proiektu hau diseinatzeko, EH Bildu, besteak beste Eskoziara begiratu du. Izan ere, bertan 1965ean sortu zuen Erresuma Batuko gobernuak “Highlands and Islands Development Board”. Orduz geroztik, asko izan dira abian jarritako ekimenak. Bereziki interesgarriak dira nekazal erreforma edota etxebizitza proiektuak. Izan ere, gazteak bertan gelditzeko 100.000 etxebizitza berri egin nahi dituzte. Horrez gain, aldaketa klimatikoaren aurkako lehentasuna hartu du eta Unibertsitatea sortu du hain bat campusetan banaturik dagoena. Horretaz guztietaz hitz egingo du Rob Gibson eskoziarrak gaur eta bihar Añanan zein Guardian antolatu diren hitzaldietan.

Berarekin batera, Joseba Otondo Baztango alkatea egongo da. Baztanen lurraren %85a komunala da eta EHko udalerrik zabalena da. Nafarroako Pirineotan kokaturik, 15 herri eta beste 22 auzo ditu Baztanek. Bertan, despopulazioari aurre egiteko udal autonomiaren garrantzia azpimarratu dute, hirigune historikoak biziberritzeko plan bat martxan jarri dute eta alojamendu turistikoak arautzeko neurriak hartu dituzte. Horrekin batera, tokiko garapena bultzatzen ari dira eta landa eremua ikertzeko mugaz gaineko zentro bat martxan jarri dute.