EH Bilduk Araban sakoneko aldaketa aurrera ateratzeko proposamena egin zuen, baina deitoratu egin du negoziatzeko Gobernuaren borondate eza
Jatorrizko proposamenean, datozen urteetan ere aplikatu beharreko aldaketak proposatu zituen, 30 milioi euroren baliokoak, orotara
Araba. 2023-12-05 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Foru Gobernuaren aurrekontu-proposamenari egingo dizkion ekarpenak aurkeztu ditu gaur prentsa aurrean: 11 milioi euroren balioko zuzenketak egingo ditu, 20 zuzenketatan.
Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak aurkeztu ditu emendakinak, eta adierazi du anbizio handiko proposamena egin zutela, egoeraren irakurketa egin ondoren. EH Bilduk uste du joan den maiatzeko foru-hauteskundeetan aldaketarako borondatea adierazi zuela Arabako jendarteak, EAJri eta PSEri gehiengo absolutua osatzeko konfiantza kendu ondoren: «EAJ eta PSE, aldiz, gehiengo absolutu horri eutsiko baliote bezala jokatzen ari dira, egoeraren irakurketa egiten asmatzen ariko ez balira bezala, eta ildo horretan, 2024ko aurrekontuek ez dute berrikuntzarik, ez dute anbiziorik, ez dute Arabak dituen erronkei heltzeko behar den ausardiarik».
Hori hala izanik ere, Lopez de Arroyabek EH Bilduren lankidetzarako borondatearen erakusgarritzat jo ditu gaur aurkeztu dituzten emendakin partzialak, osoko emendakina baztertuta. «Legealdiaren lehen urtea da hau, eta EH Bilduk eskua luzatuta jarraitzen du, negoziatzeko eta adosteko prest», esan du Lopez de Arroyabek.
11 milioi
EH Bilduk aurkeztutako jatorrizko proposamenak Arabaren «sakoneko aldaketa» zuen jopuntu, eta ildo horretan, lau bloketan egin zituzten negoziatzeko proposamenak: aberastasunaren banaketa, gizarte-babesa, erronka ekosoziala eta lurralde-oreka. Proposamenan, besteak beste, egoitza ppublikorik ez zuten eskualdeetan egoitzak sortzea proposatzen zuen, baita PFEZengatiko kenkariak 200 eurotik 400eraino igotzea, errenta baxuenetan.
Gaurko agerraldian, bestelako proposamen txikiagoak ere egin dituzte, «baina ez garrantzi gutxiagokoak», EH Bilduren bozeramailearen esanetan. Hala, zuzenketak proposatu dituzte, berdintasunean, lankidetzarako garapenean, menpekotasunaren balorazioko arreta hobetzeko arloan, gizarte-bazterketa egoeran daudenentzako arretan eta bestelako zenbait arlotan, Aiaralderako eta Arabako Errioxarako berariazko inbertsioez gain.