EH Bilduk eta Foru Gobernuak adostutako Araba(n) Bizi Bedi programa aurrekontuen itunean jasota dago, ia lau milioi euroko balioarekin, toki entitateek etxebizitzak erosi edo birgaitu ditzaten
Araba. 2025-07-08 | EH Bilduk Foru Gobernuarekin 2025eko ekitaldirako lortutako aurrekontu-akordioak fruituak ematen jarraitzen du: Gobernu Kontseiluak gaur onartuko dituen dirulaguntzen oinarrien bitartez, toki-erakundeak finantzatuko dira etxebizitzak erosteko eta birgaitzeko, alokairu sozial eta/edo babestuko erregimeneko etxebizitzetarako.
Kasu honetan, Arabako gizartearen kezkarik handienetako bati erantzun nahi zaio, hau da, etxebizitza eskuratzeari, Araba(n) Bizi Bedi izeneko programaren bidez. EH Bilduk proposatutako eta aurrekontu-itunean jasotako programa da Araba(n) Bizi Bedi, 3.950.000 euroko zuzkidurarekin, herriak eragile aktibo izan daitezen bizitegi-arazoa konpontzeko, eta lurraldeko toki-erakundeei aukera emango die etxebizitza soziala sortzeko. Gainera, programak datozen urteetarako garapena aurreikusten du, 10,5 milioi eurora iritsi arte.
«Akordio honi esker, Arabako Foru Aldundia eragile aktibo bihurtuko da, lehen aldiz, Toki Entitateekin elkarlanean, landa-eremuan etxebizitzak sustatzeko, biztanleak herrietan gera daitezen laguntzeko eta Arabako etxebizitzaren arazo globala konpontzeko», adierazi du Eva Lopez de Arroyabek EH Bildu Araba batzarkidearen bozeramaileak.
Lopez de Arroyabek nabarmendu duenez, «guretzat etxebizitza funtsezko zutabea da bizitza duinak eraikitzeko, eskubidetzat hartu behar da eta, horregatik, lanean jarraituko dugu edonork etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezan».
Programak hiru dirulaguntza lerro izango ditu: etxebizitzak erostea alokairu sozial eta/edo babestuan esleitzeko, etxebizitzak eta/edo zuzkidura-bizitokiak birgaitzea, alokairuko gazteen emantzipazioari laguntzeko, eta alokairu sozial eta/edo babesturako etxebizitzak birgaitzea. Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte 20.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatutako Arabako toki-erakundeek.
«Neurri hauekin merkatu-logika gainditu nahi dugu, eta administrazio publikoek prozesu hori gidatu dezaten bultzatu nahi dugu, Arabako gizarteak une honetan duen kezka handiena konpontzeko helburuarekin», ondorioztatu du Eva Lopez de Arroyabek.