Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik 48 urte beteko dira eta EH Bildu pozik agertu da martxoaren 3ko memorialaren fundazioa sortu delako, San Frantzisko Asiskoaren eliza poliziak hildako bost pertsonak memoria gune bihurtzeko. EH Bilduk ere zorionak eman nahi izan dizkio martxoaren 3ko Biktimen Elkarteari, "martxoaren 3ko memoriari bizirik eusteko, egia argitzeko eta justizia eskatzeko egindako borroka nekaezinagatik".
"Memoria-zentro horren sorrera iragarri eta hiru urtera, azkenean, prozesu horri helduko dion fundazioa eratu da. Beti defendatu izan dugu Asisko San Frantzisko eliza, arratsalde tragiko hartako eszenatokia, memoriarako gune bihurtu behar dela. EH Bilduk 2011n planteatu zuen, eta ildo horretan lan egin dugu erakunde guztietan", gogorarazi du Rocio Vitero EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak. Berarekin izan dira Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresuko diputatua, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramailea eta Mikel Otero legebiltzarkidea.
Azken horrek erakunde guztiei dei egin die "proiektu honetan laguntzeko eta elkarlana sustatzeko lehenbailehen errealitate izan dadin". "Guztion lana beharrezkoa izango da. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu fundazio horren zuzkiduran sar ditzala EH Bilduk Madrilgo Gobernuarekin 2023ko aurrekontuen negoziazioan adostu zituen 600.000 euroak, eraikina konpontzeko lan horiek hein batean finantzatzeko", gaineratu du Oterok.
Oterok gogorarazi duenez, eraikin berezia da, Peña Ganchegui arkitektoak diseinatua, eta, berez, monumentu arkitektonikoa da. Haren hormak eta leihoak sarraski horren lekuko mutu dira gaur egun ere. Izan ere, oraindik bala-zuloak ikus daitezke. Baina azken urteotako utzikeria dela eta egiturazko erreforma serio bati ekin behar zaiola agerian da. Hala ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak eskatutako azterlan arkitektoniko batek.
Horrez gain, EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela prozesu honetan zehar memoria-mugimenduen lankidetza eta aholkularitza izatea, eta, batez ere, biktimena berena, memoriaren zentro horren edukiak eta kudeaketa definitzerakoan.