AKTUALITATEA


| 2024-07-24 10:21:00

Alkatea bajan dagoen arren, ez ditu bere zereginak eskualdatu, eta udaletxea itxita dago

Ezohiko osoko bilkura eskatuko du EH Bilduk

Arraia-Maeztu. 2024-07-24 | Arraia-Maeztuko EH Bildu udal taldea kezkatuta agertu da gaur, herriaren egoera «desgobernua» delako, alkatea bajan baitago, eta bere eginkizunak ez baititu delegatu.

EH Bilduko zinegotziek alkatearen «funtzioen utzikeria» eta udalaren eraikinaren itxiera salatu dute: «Ez da inola ere jakinarazi itxiera; ez bizilagunei, ez teknikariei, ez administrazio batzarrei, ezta oposizioko taldeari ere».

EH Bildu udal taldea oso kezkatuta agertu da, herritarrek ez biatakite nora jo: «Kuadrillako teknikariak lanera joan dira eta udaletxea itxita aurkitu dute, ez dago inolako azalpenik eta kezka zabaltzen ari da herrian, bizilagunek ez baitakite nora jo udal kudeaketak egin behar izanez gero».

Gorabeherei jaramonik ez egiteaz gain, udaletxea ixteak oinarrizko udal-izapideak ezin egitea dakar, hala nola errolda edota obra-lizentzia bat eskatzea, Jaibusean izena ematea edo udal-koordinazioa eskatzen duen edozein larrialdi bat kudeatzea.

Igerilekuen kasuan ere, egoera horrek arazoak sortzen dizkie langileei, igerilekuetako diru-bilketaren protokoloa ez baita betetzen ari. Gainera, mantentze-lanetako langileek ezin dute ureztatu, eta oinarrizko hornidura falta da, hala nola zabor-poltsak edo eguneroko tresnak.

«Arraia-Maeztuko EH Bildutik gure kezka adierazi nahi dugu egun hauetan udaletxean ematen ari den egoeragatik. Informazio gutxi dugu, gobernu-taldeak ohi duen bezala, baina, batez ere, udalerriko bizilagunen artean dagoen ezinegon handiak kezkatzen gaitu».

Egoera horren aurrean, Arraia-Maeztuko EH Bilduk premiazko osoko bilkura berezia eskatuko du, egoeraren eta aplikatuko diren irtenbideen berri jakiteko.