Araba

Albisteak

EH Bildu-k udal finantzazioa arautzen duen Foru Arauaren erreforma aurkeztu du, bilketaren beherakada arintzeko


Foru Gobernuak ezarri nahi duen %25eko murrizketaren aurrean, salbuespen gisa datozen urteetan diru-bilketaren jaitsiera hori atzeratzea edo zatikatzea proposatu du, betiere adostuta eta borondatez. Banakako eta borondatezko funts bat sortzea ere proposatu du, Arabako Foru Aldundiak toki-erakundeei egiten dien ekarpenaren murrizketa inoiz ez %5etik gorakoa izateko.

| 2020-05-26 08:47:00

EH Bildu-k Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa (FOFEL) arautzen duen Foru Arauaren aldaketa erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan. Aldaketa horren helburua zerga-bilketaren beherakadak Arabako lurralde historikoko toki-erakundeen finantzaketan izango dituen ondorioak arintzea da. Izan ere, Foru Gobernuak finantzaketa %25 murriztuko duela iragarri du, inolako alternatibarik eskaini gabe. Hala ere, EH Bildu-k aurkeztutako ekimenaren arabera, ekarpenaren murrizketa hori ez litzateke inoiz %5etik gorakoa izango.

Proposamena bi ardatzen inguruan oinarritzen da. Alde batetik, eta salbuespen gisa, urriko ordainketari dagokion ordainketa atzeratzea edo otsaileko behin betiko likidazioa egin arte zatikatzea, betiere toki-erakundeekin adostuta eta borondatez bada. Bestalde, banakako eta borondatezko zor-funtsa (FEPEL) sortzea planteatzen da. Kasu honetan, ekarpenean inoiz ez %5a gainditzea eta hurrengo ekitaldietako superabitarekin konpentsatzea lortu nahi da.

Proposamen hori aurkeztu zuen atzo EH Bildu-k Arabako Toki Administrazio eta Finantza Kontseiluan, eta gaur erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan. "Bilketaren beherakada tokiko erakundeek ordaintzea saihestu behar dugu. Asteak daramatzagu ohartarazten ezin ditugula iraganeko akatsak errepikatu, eta beste aukera batzuk eskaini behar zaizkiela toki-erakundeei, bakoitzak, bere egoera ekonomikoaren arabera, onuragarriena aukera dezan. Orain, hain zuzen ere, gure erakundeek kolektibo ahulenen beharrei erantzun behar diete, hurbiltasunetik eta erantzukizunetik. Horregatik, arduragabekeria da tokiko finantzaketaren laurden bat murriztea", esan du Kike Fdez de Pinedo EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak.