AKTUALITATEA


| 2019-11-18 10:27:00

EH Bildu-k hala eskatuta, Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru diputatuak agerraldia egin du astelehen honetan Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko Batzordean, Arroiabe herriko autobus geltokien egoera azal dezan.

Iñaki Ullibarri batzarkideak salatu duenez, egoera “oso arriskutsua” da eta lege-hauste ugari ematen dira egunero. Martxoan, aurreko legealdian, gaiaren inguruan hitz egin zen eta bazirudien Diputazioa prest zegoela egoera konpontzeko. Hala ere, legealdi berria martxan dagoenetik, ez da inolako aurrerapenik eman.

EH Bildu-k gogoratu duenez, PESA enpresak kudeatzen duen Eibar-Gasteiz ibilbidean dago arazoa. “Autobusa errepide erdian gelditzen da; bidaiariak beste aldean daude eta txoferrak keinu bat egiten die errepidea gurutzatzeko eta autobusera igotzeko. Eta hau, gutxienez, egunean birritan gertatzen da”. Zentzu honetan, herritarren eskaerak ekarri ditu gogora Ullibarrik: herritarrek geltoki berri bat egitea planteatzen dute, herriarena den lursail  batean.

Diputatuak, ordea, beste leku batera begiratzea erabaki du eta kontzejuen esku utzi du erabakia. “Kontzejuen autonomia defendatzen dugu, baina arazo honi, larria den heinean, Foru Gobernuak ere aurre egin behar dio”, ondorioztatu du Ullibarrik.