AKTUALITATEA


| 2020-04-20 10:06:00

EH Bildu-k interpelazio bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietako mahaian. Bertan, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiari galdetu dio ea foro, mahai edo antzekorik ezartzeko asmorik duen, alderdi politiko guztietako, sindikatuetako eta enpresetako ordezkarien eta beste eragile sozial batzuen parte-hartzea barnebilduko duena.

Helburua neurri orokorrak eta sektorialak eztabaidatzea eta adostea litzateke, Covid-19aren krisi sozio-sanitarioak eragingo dituen mota guztietako ondorio larriei aurre egiteko: sozialak, ekonomikoak, kulturalak…

Horretaz gain, indarrean dagoen foru aurrekontuko diru-sarreren eta gastuen atalean oposizioko indar politikoekin egin beharreko aldaketak negoziatzeko eta adosteko asmorik duen galdetu dio EH Bildu-k Diputatu Nagusiari.

Ildo horretan, eta krisiaren lehen minututik egin duen bezala, EH Bildu-k eskua luzatu du berriro ere krisi honen kudeaketan laguntzeko eta Arabaren erronka handiei erantzuteko: "Erantzukizunetik eta leialtasunetik, baina kritika politikoari eta beste gizarte eta herri eredu baten eraikuntzari uko egin gabe. Erabakiak guztion artean hartzeko garaia da", adierazi du Kike Fernandez de Pinedok.

Zerbitzu Sozialen inguruko diagnostiko bat

Bestalde, apirilaren 20an, Claudia Venceslao EH Bildu-ko batzarkideak beste interpelazio bat erregistratu du Gizarte Ongizateko Foru Diputatuari zuzenduta. Bertan, jakiteko ea Aldundiak Arabako Gizarte Zerbitzuen egungo egoerari buruzko benetako diagnostiko bat egiteko bideak irekitzeko asmoa duen galdetu du. Zentzu honetan, Arabako gizartearen egungo eta etorkizuneko beharrei eta erronkei berme nahikoekin erantzuteko gai izango den Gizarte Zerbitzuen eredu berri bati buruzko hausnarketa egitearen alde agertu da EH Bildu. Venceslaoren arabera, hori guztia eragile politiko, sozial eta sindikalen parte-hartzearekin egin beharko litzateke.

EH Bildu-k gogorarazi duenez, otsailean Gizarte Ongizaterako Batzordean eztabaidatu zen Arabako gizarte zerbitzuen egungo egoera eta etorkizun hurbila izeneko batzorde txostengilearen sorrera, baina proposamen hori atzera bota zuten Foru Gobernua osatzen duten batzarkideen botoek.

Hala ere, pandemiak agerian utzi ditu egungo gizarte-zerbitzuen ereduaren muga larriak, batez ere zaintza-politikei dagokienez. Ildo horretan, EH Bildu-k azpimarratu du egungo krisi sozio-sanitarioak argi eta garbi agerian utzi duela birus horri aurre egin behar izan diotela baliabide pribatuek baliabide publikoen aurrean.

"Ez dugu eztabaida horretarako formula zehatzik planteatzen, baina Foru Gobernu honek eztabaida estrategiko horri ikuspegi zabalarekin heltzeko duen borondate politikoa gaitzetsi nahi dugu, oposizioko indar politikoei ez ezik, Hirugarren Sektoreko erakundeei, sindikatuei eta enpresei ere lekua eginez", adierazi du Venceslaok.