AKTUALITATEA


| 2021-04-13 09:18:00

EH Bildu-k mozio bat aurkeztu du Arabako Batzar Nagusietan, mendietako jabeekin eta gainerako erakundeekin batera, eukaliptoaren hedapenari aurre egiteko - bereziki Aiaraldean- baso-eredu "iraunkor eta ordenatu" baten alde lan egiteko eskatuz Aldundiari. Horretarako, EH Bildu-k baso-plan iraunkor berri bat eskatu du, espezie autoktonoen eta hostozabalen landaketak sustatzeko, ingurumen-biodibertsitate handiagoko prozesu ekologikoak sortzeko, lurzoruen higadura murrizteko helburuarekin.

Kike Fdz de Pinedo bozeramaileak gogorarazi duenez, urte gutxiren buruan, Aiaraldean bakarrik bikoiztu egin dira landatutako eukalipto hektareak. Horregatik, mozio horretan, mendiei buruzko Foru Araua eguneratzeko eta egokitzeko ere eskatu dio EH Bildu-k Aldundiari, lurraldearen kudeaketa jasangarria bermatzeko egungo larrialdi klimatikoaren testuinguruan.

EH Bildu Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaio, honek "berehala" ekin diezaion eukalipto espezieak Espezie Exotiko Inbasoreen Euskal Katalogoan sartzeko prozedura administratiboari, eta, horrela, eukalipto gehiago landatzea galarazteko.

Kike Fdz de Pinedok justifikatu duenez, "erakunde eta administrazio bakar bat ere ezin da bazterrean geratu: ikerketa zientifikoen arabera, espezie hori kaltegarria da biodibertsitatearentzat, baso-ekosistementzat eta ibaiak edo lupeko uren tankerako ur-baliabideentzat ".