EH Bilduk Lankidetza Batzorde Iraunkorra sortzea proposatu zuen joan den ostiralean, Ukrainako gerrak eragindako krisi sozioekonomikoaren ondorioei aurre egiteko. Arabako ahaldun nagusia buru dela, batzarkide-taldeetako ordezkariek eta nahi duten eragile sozioekonomikoek osatuko lukete.
Gaur, Arabako Batzar Nagusietako mahaiak baztertu egin du mozio hori urgentziaz tramitatzea. EH Bilduren ustez, egoera larria da, eta horrek eskatzen du lehenbailehen ekimenak abiaraztea.
Lankidetza batzorde iraunkorra osatzea proposatzeaz gain, EH Bilduk proposamen zehatz batzuk bidali zizkion Arabako ahaldun nagusiari talka-plan bat sortzeko eta ekoizpen-sistemaren alderdi desberdinen beharrezko eraldaketari ekiteko neurri ausartak abian jartzeko helburuarekin,.
Sei bloketan banatuta, EH Bilduk 26 neurri jaso zituen guztira. Fiskalitateari buruzko blokeak aipamen berezia merezi du; bertan, zerga guztien ordainketa malgutzea planteatzen da, geroratzeen eta zatikatzeen bidez, zerga-itzulketak arintzea eta zerga-ordainketan konpentsazio-neurriak ezartzea, krisiak gehien kaltetutako jardueretarako. Gainera, fiskalitate bidezkoagoa lortze aldera, Sozietateen gaineko Zergaren mozkinen gaineko tasa efektiboa % 15ean ezartzea eta lan eta kapital errentak era berean zergapetzeko eta Fortuna Handien gaineko Zerga ezartzeko prozesua hastea planteatzen da.
Arlo sozioekonomikoan, COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko sortutako diru-laguntzak mantentzeaz gain, Errusiarekin eta/edo Ukrainarekin zuzeneko merkataritza-harremanak dituzten enpresentzako laguntza-plan espezifiko bat planteatzen da, baita hornitzaile berriak bilatzeko laguntza ere. Garraioaren sektoreari dagokionez, EH Bilduk laguntza bereziak proposatu ditu, baita erregaien garestitzea konpentsatzeko bonu energetikoak martxan jartzea ere.
Gizarte-babesari dagokionez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak kudeatutako laguntza guztiak handitzearen alde agertu da EH Bildu, bai eta laguntza horiek jaso ahal izateko eskatzen diren gehieneko errenta-mailak % 15 handitzearen alde ere. Era berean, EH Bilduk uste du diru-laguntza berezietarako funtsa handitu behar dela eta laguntzak atzeraeraginezko izaerarekin eman behar direla.
Azkenik, krisi honek gure lurraldearen mendekotasun energetikoa agerian utzi duenez, EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela diru-laguntzen ildoak martxan jartzea energia-komunitateak sortzeko eta autokontsumoa eta energia-eraginkortasuna sustatzeko eraikin publikoetan. Era berean, Enargiren bitartez, Badaia eta Elgeako parke eolikoen berrindartzea kudeatu eta garatzea proposatzen da, baita hiru parke fotovoltaiko sortzea ere, Noriesteko baltsan, Maeztuko Laminorian eta Lagrango golf zelaian.
Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak laburbildu duenez, «gerrak eta bere ondorioek larrialdiko egoera areagotu dute, gero eta modu gordinagoan agertzen ari zena. Horregatik, eredu energetiko, ekonomiko eta sozialaren egiturazko eraldaketa behar dugu, eta, aldi berean, herritarrei krisiari aurre egiteko aukera emango dieten neurri aringarriak aktibatu. Aipaturiko eraldaketa izango da epe ertain eta luzerako bizi-baldintza duinak ziurtatzeko modu bakarra. Neurriak, aldiz, eraldaketa hori gertatzen den bitartean aktibatu beharreko babes-ezkutua izango dira».