Araba | 2022-05-29. EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat defendatu du gaur Batzar Nagusien osoko bilkuran, non defendatzen baitzuen Altsasu eta Miranda arteko egungo tren ibilbidea modernizatzea eta eguneratzea, AHT linea berria eraiki beharrean. EAJk, PSEk eta PPk uko egin diote Elkarrekin-Podemos-EB taldearekin adostutako mozioari.
Adostutako mozioan Espainiako Gobernuari eskatu diote Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza tren azpiegitura hobetu eta egokitzeko azterketa egiteko Espainiako aurrekontuetan jasotako partida lehenbailehen exekuta dezala; partida hori adostu zuen EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin.
Era berean, Altsasu eta Miranda arteko trenbidea egokitzeko eta modernizatzeko lanak lehenbailehen abia ditzala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, pertsonen eta merkantzien trafiko mistoa ahalbidetzeko. Jaurlaritzari eskatu diote, halaber, Miranda-Gasteiz-Altsasu tartea Euskotrenen eskuetara pasatzeko tramiteak has ditzala.
Azkenik, tarte horretarako aldirietako trenen maiztasun handiagoak eta geltoki gehiago eskatu dituzte bi taldeek, baita erakundeen arteko lantalde bat osatzea ere, aldirietako trenaren garapena sustatzeko, mugikortasun jasangarrirako estrategia gisa.