AKTUALITATEA


| 2021-11-17 12:38:00

Donemiliagako Udalak salatu egin du Eusko Jaurlaritzak udalei ingurumen proiektuak “atzeko atetik” inposatzeko duen asmoa. Gaur onartu duen mozio baten bidez izan da. Bertan, Donemiliagak adierazten du “Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurka dagoela, eta baita ere, gure udalen toki-autonomiarentzat kaltegarria den eta gure toki-demokrazia urratzen duen beste edozein tresnaren aurka dagoela”

Ingurumen Administrazioari buruzko Legea izapidetzen ari da justu orain Eusko Legebiltzarrean eta EAJk zuzenketa bat erregistratu du, ustez ingurumena hobetu dezakeen edozein azpiegitura “Interes Publiko Goreneko Proiektu” deklaratzeko, hala nola, energia berriztagarrien proiektuak, zabortegiak, araztegiak, gasa ustiatzeko proiektuak edo eremu degradatuak hobetu nahi dituzten beste batzuk. Kasu horietan erakunde publikoek sustatu behar dute.

Adierazpen horrek berehala ekarriko du lurraldearen antolamenduko eta hirigintza plangintzako tresna guztiak azpiegitura berrira egokitu beharko direla. “Erabateko erasoa da udal autonomiari eta haren lurralde eta hirigintza plangintzari, inposaketa bat eta tokiko autonomiaren eta demokraziaren urraketa nabarmen bat; izan ere, Udalari ukatu egiten zaio egokitzat jotzen dituen erabilerak bere lurraldean mugatzeko aukera”, azaldu du Erika Letamendi Donemiliagako alkateak.

Egoera horren aurrean, Donemiliagako osoko bilkurak, legea modu horretan errefusatzeaz gain, EUDEL euskal udalen elkarteari eskatu dio, udalen interesaren alde, “lege horren aurka egin dezala eta behar diren kudeaketa guztiak egin ditzala, Ingurumen Administrazioari buruzko Legea modu horretan onartu eta indarrean sar ez dadin”.