AKTUALITATEA


| 2022-03-29 11:05:00

Asparrengo Udalak abian jarri du Eguneko Laguntza Zentroko jantokiko zerbitzu berria, bere erabiltzaileentzako zerbitzua hobetu eta zabaldu nahian. Hala, joan den martxoaren 26az geroztik, asteburuetan eta jaiegunetan bazkaltzeko zerbitzua eskaintzen da Araiako Eguneko Arretarako Landa Zentroan. Bost erabiltzailek estreinatu dute zerbitzu hori. Asparrengo Udalak, horrela, zentroaren erabiltzaileen artean antzemandako beharrei erantzun nahi die, haien egera pertsonala edo familiarra direla eta, haien zaintza nabarmen hobetu dela ikusten baitute, asteburuetan eta jaiegunetan kalitatezko janari zerbitzua bermatuta baitute.

Asparrengo Udala saiatu da Arabako Foru Aldundiak, dirulaguntza baten bidez, hobekuntza hori beste zerbitzu batzuekin egiten duen bezala finantzatzen, baina ezezko bat jaso du. “Ezezko horrek ez dio Udalari atzera egin, eta udal-aurrekontuetan izango litzatekeenaren kalkulu ekonomikoa egin ondoren, kostua bere gain hartu eta horren aldeko apustu garbia egitea erabaki zen”, zehaztu du Asparrengo alkate Txelo Auzmendik. Horretarako, Asparrengo aurrekontuetan 6.600 euro erreserbatu dira.

Arreta egunak handitze horrek osatu egin du zerbitzu horren kalitatea hobetzeko abian jarritako prozesua. Hala, azken hilabeteotan, Lautadako Landa Garapeneko Elkartearen eskutik, produktuen erosketa, menuen prestaketa, garbiketa eta sukaldeko hondakinen kudeaketa  aztertu eta hobetu da. Sukalde horrek Etxebizitza Komunitarioari eta Eguneko Arretarako Landa Zentroari eskaintzen dio zerbitzua eta guztira 23 erabiltzaile ditu. Helburua da tokian tokiko elikagaiak eta osasungarriak sartzea sustatzea eta zero hondakineko politiketan aurrera egitea.

“Adibide bat da tokiko enpresa batek kalitatezko zerbitzua eman dezakeela, jasangarritasunaren alde egin dezakeela, hurbileko elikagai osasungarriak erosi ditzakeela eta nutrizio-oreka hobetzen aurrera egin dezakeela. Garrantzitsua da jakitea elikadura osasungarria janariaz gozatzea eta bertako produktua kontsumitzea posiblea dela”, gaineratu du Auzmendik.