AKTUALITATEA


| 2021-10-20 14:05:00

Mahatsaren prezioa ekoizpen-prezioaren gainetik ordaintzea bermatzeko EH Bilduren mozioa eztabaidatu da gaur Arabako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, eta talde guztiek, PPk izan ezik, babestu dute mozio horretan oinarritutako erdibideko proposamena.

Onartutako mozioan, administrazioei eskatzen zaie Elikadura Katearen Legean ezarritakoa betearaztea, bereziki kontratuei dagokienez. Horri lotuta, isunak ezartzeko aukera jasotzen da, legea hausten den kasuetan.

Halaber, ekoizpen-kostuaren prezioen ikerketak ere egingo dira, behatoki ofizialen bitartez. Ardogileak babesteko helburuarekin, Batzar Nagusiei eskatzen zaie, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, ardogileei aholkularitza eta prestakuntza ematea, baita ustiategietan ahalik eta errendimendurik handiena lortzeko eskura dituzten tresnak ematea ere.

EH Bilduren bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok adierazi du akordio garrantzitsua dela, “aspaldi konpondu beharreko arazo bati erantzuna” ematen diolako, eta “mahatsa ekoizpen-prezioaren azpitik inoiz ez ordaintzea” ekarriko duelako.