Gaur bezalako egun batean, duela 85 urte, gure lurraldean bere historiako atalik beltzenetako bat bizi izan zen. Hilabete batzuk lehenago, kolpe militarraren ondorioz, gerra hasi zen baina gure lurraldearen zati handi bat atzeraguardian gelditu zen. Ez zen kasualitatea izan! Mola jeneralak berak bisitatu zuen Arabako hiriburua, eta errepresio frankistaren erritmoa handitzeko eskatu zien orduko agintari militarrei. Martxoaren 30ean, Timoteo Bazán Fernández presoa Gasteizko Santa Isabel hilerriko horman fusilatu zuten. Krimen hori hurrengo egunean, 1937ko martxoaren 31ko gauean, izango ze sarraskiaren preludio tragikoa besterik ez zen.
Izan ere, gaur bezalako egun batean, duela 85 urte, 16 pertsona atera zituzten La Paz-eko kartzela zaharrean zeuden ziegatatik. Puntu honetatik bertatik, bi kamioi zain zituzten espetxeko atean eta bertan sartu zituzten gero Azazetako portura eramateko. 16. kilometroaren parean, 16 pertsona horiek fusilatu eta lurperatu egin zituzten.
Ez zen kasualitatea izan. Egun horretan bertan armada frankista iparraldeko frontearen aurkako erasoari ekin zion. 1937ko martxoaren 31n bertan, Italiako armadaren hegazkinek Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten. Goizeko 08:00etan hasi ziren bonbak zerutik erortzen. Hiru pase egun tragiko batean: guztira 19.000 kilo lehergailu bota zituzten eta 336 hil zituzten. Bonbardaketa hartan parte hartu zuten hain bat hegazkin gure hiritik atera ziren.
Ez zen biztanleria zibilaren aurkako lehen bonbardaketa izan. Hilabete batzuk lehenago, Otxandioko Andikona plaza bonbardatu egin zuten jaietan, eta 61 herritar erail zituzten. Biztanleria zibila bonbardatzen zen lehen aldia zen.
Gero Gernika iritsiko zen. Alemaniako Cóndor legioko hegazkinek bonbardatu zuten euskal herriaren ikurra. Picassok sarraskia kuadro batean islatu zuen eta, harrezkero, hiri bizkaitarra gerraren izugarrikerien ikur eta bakearen sinbolo bihurtu zen.
Azazetako sarraskia erreketeen, falangistek eta guardia zibilek osatutako eskuadroi batek egin zuen. Fusilatuen artean hautetsiak eta militante errepublikano, sozialista, abertzale edo anarkistak zeuden. Beste batzuk kartzelan sartu zituzten, Estatu frankistaren terroreak suntsitu nahi zituen ideologia horiekin atxikimendua adierazteagatik. Helburua horixe zen, hain zuzen ere: erregimen berriaren aurkako edozein zantzu deuseztatzea.
Hainbat hobi komunetan hil eta lurperatu zituzten. Bi urte geroago, hildako 16 pertsonetatik hiruren gorpuzkiak berreskuratu ziren. Sarraskiaren beste 13 biktimak mendian egon ziren beste 41 urtez. 1978ko udan atera eta El Salvadorreko hilerrira eraman zituzten arte.
Izan ere, gerraren ostean 40 urteko diktadura heldu zen. 40 urte hauetan isiltasuna eta beldurra nagusitu ziren eta herritarren artean hedatu ziren. 40 urte Eskubide sozial eta politikorik gabeko 40 urte. Errepresioa, espetxea eta erbestearen 40 urte luzeak.
Diktaduraren ondoren, zigorgabetasuna iritsiko zen. Oraindik ere, 85 urte geroago, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen diegu frankismoaren biktima guztiei. Oraindik ere, 85 urte geroago, gorpuen bila gabiltza errepide arekatan. Izan ere, oroimena izatea ez da oroitzea soilik, ez da loreak jartzea edo estatuak edo plakak irekitzea; oroimena izatea egia, justizia eta erreparazioa eskatzea da. Hori oroimen demokratikoa da.
Horregatik eskatzen dugu Arabako erakundeek frankismoaren aurkako kereila jar dezatela epaitegietan, gizateriaren aurkako krimenengatik. Horregatik eskatzen dugu inpunitatea desagerrarazteko eta gerraren eta diktaduraren krimenak epaitzeko mekanismoak bilatzea. Horregatik eskatzen dugu artxiboak argitara ditzatela eta estamentu judizial eta politikoek irekita dauden bide judizialekin elkarlana sustatzea, hala nola Argentinako kereilan.
Bonbek Durango suntsitu erori eta 85 urtera, sinesgaitz eta suminez ikusten dugu nola beste herri batzuek gerraren izugarrikeriak jasaten jarraitzen dutela Horregatik, Errusiak Ukrainan egindako ekintza militarrak arbuiatu nahi ditugu, Ukrainako herriari gure elkartasuna eta atxikimendua adierazi nahi diegu, etsaitasunak berehala bertan behera utzi eta Ukrainatik armada errusiarra erretiratzea. Eta erbestean bizi izan zen herria garenez, gaur argi eta garbi esan nahi dugu gurea harrera herria dela eta gerratik ihes egiten duten pertsona horiek guztiak, baita muturreko pobreziatik ere ihesean daudenak, gure artean ongietorriak direla eta izango direla.
Duela 85 urte kartzela, tortura, errepresioa, heriotza eta erbestea jasan zituztenek gizarte justuago eta solidarioago batekin amets egiten zuten. Balio horiek bizirik diraute gure artean. Kalitatezko osasungintza eta hezkuntza publiko; pertsonak babestu eta politika publikoen erdigunean jarriko dituen gizarte sistema; gure lurraren defentsa, beharrezko energia-trantsizioa edo gizarte anitza eta feminista lortzea. Horiek dira gure balioak, eta haien defentsan indarrak batzen jarraituko dugu. Jarraituko dugu.