Bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan eta ura bizitzarako ezinbesteko elementua izanik, Asparrenak uraren kudeaketa aztertuko du ostiraletik aurrera, "Ura zertarako eta norentzat?" izeneko jardunaldietan. Azaroaren 11n, ostirala, egingo den lehen saioan, Araiako Andra Mari aretoan mahai-inguru bat egingo da. Bertan, Julia Martínez Uraren Kultura Berria Fundazioko kideak parte hartuko du, eta uraren kudeaketarako proposamen berriak azalduko ditu. EHUko katedradun Iñaki Antiguedadek uraren kudeaketa jorratuko du lurralde-antolaketaren ikuspegitik, eta Luis Babianok (AEOPAS elkarteko gerentea) ura giza eskubidea dela gogoraraziko du.
Astebete geroago, azaroaren 18an, Andra Mari aretoan zine foruma izango da. “Monopolia: ura, negozioa eta boterea” izenburuko dokumentala proiektatuko da. Bizkaiko uraren kudeaketaren eredu agregatzaile eta pribatizatzailea aztertzen duen kazetaritza-ikerketako dokumentala da. Ricardo Gamaza dokumentalaren zuzendariarekin batera, Ruth Pérez eta Juanjo Reina izango dira Ur Publikoa plataformaren ordezkari gisa.
Jardunaldiak abenduaren 1ean amaituko dira, Asparreneko alkate Txelo Auzmendik eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko ordezkariek parte hartuko duten mahai-inguru batekin. Mahai-inguru honen helburua udalerriko uraren egungo kudeaketa aztertzea eta Asparrenak arlo horretan dituen erronkei buruz eztabaidatzea da.