AKTUALITATEA


| 2024-11-06 09:32:00

Asparrenak Nestor Basterretxearen "Araba" eskulturaren kokapen berriaren inaugurazio ekitaldia egingo du larunbat honetan, azaroaren 9an. 2021eko maiatzaren amaieran aurkitu zuten, desagertu zenetik 20 urte baino gehiago igaro ostean. Orain Santsaerreka kaleko obrak amaitu direnean Ilarduibide kalearekin bat egiten duen lekuan jarriko da. Lekua familiak eta Asparrenako Udalak berak aukeratu dute.

Puntu hau Araia herriaren sarreran kokatzen da, herrira sartu edo herritik ateratzen den edonork nahitaez igaro behar duen bidegurutzean. Gainera, Aratz gailurra ikus daitekebertatik, bere lehen kokalekua. "Horrela, herritarrek eta bisitariek gozatu ahal izateaz gain, ARABAk lehen eserlekua eman zion mendiarekin lotuta jarraituko du", azaldu du Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak.

Inaugurazio hau 2024an Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko egiten ari diren ekitaldeen artean kokatzen da. Goizeko 11:30etan hasiko da eta bertan euskal eskultorearen familia, udal agintariak eta Bermeoko artistaren lan honen bidaia misteriotsuan parte hartu duten pertsona guztiak elkartuko dira.

Ondoren, 12:15ean, udaberrian antolatu zen kontakizun lehiaketaren sariak banatuko dira Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan. Lehiaketa horretan, halabeharrez bururatzen ari ziren teoria, aieru eta estalketa fantastikoei forma literarioa eman zaio.

Ipuin irabazleak, euskara, gaztelania, gazte eta lokal modalitatean, Asparrrenako Udalaren webgunean daude ikusgai.