AKTUALITATEA


| 2021-12-03 09:33:00

Asparrengo Udalak 2022. urterako aurrekontuak onetsi ditu, guztira 3,6 milioi eurokoak. Bi obra handik baldintzatuko dituzte kontu horiek: batetik, Santsaerreka kalea konpontzea, 600.000 euro inguruko partida baitu eta, bestetik, biohondakinak konpostatzeko instalazioa. 1.200 metro koadroko konposta egiteko instalazio horrek Arabako Lautadan sortutako biohondakinak Gasteizera eramatea saihestuko du. Asparrenako eta Donemiliagako udalerriei emango die zerbitzua, eta urtean 320 tona tratatuko ditu. Datorren urtean 339.000 euro inbertituko dira proiektu horretan. Horrez gain, aurrekontuek 24.000 jasotzen dituzte Marutegiko gaztelu balioan jartzeko plana gauzatzeko.

Aurrekontu horrekin batera, Asparrenak argi berdea eman dio 2 milioi euroko inbertsio planari. Plan horretan, besteak beste, sartzen dira Arrazpi kiroldegia birgaitzeko proiektuak (35.000 euro) eta adinekoen zerbitzuak hartzeko Andra Mari eskola zaharrak zaharberritzeko proiektua (50.000 euro) eta kiroldegiko teilatuan eguzki-plaka fotovoltaikoak jartzea (150.000 euro). Beste alde batetik, 500.000 euro erreserbatuko dira industrialdeko bide sarea egokitzeko lanetarako eta beste 100.000 Askazubizar kaleko saneamendu obretarako. Inbertsioen kapitulu horretan bertan, Asparrenak autokarabanetarako aparkaleku bat eraikitzea, ikastetxean patio inklusibo bat egokitzea, haur-parkeak egokitzea, osasun-zentroan pediatria-zentro bat sortzea eta Zirauntza-Arakil ibai pasalekua  zaharberritzen jarraitzea aurreikusten da.

Txelo Auzmendi Asparrengo alkateak esan du aurrekontu horrek herritarren beharrei erantzuten diela. “Asparrengo herritarren bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraitzen dugu. Gure lehentasunetako bat klima-aldaketaren aurkako borroka da, eta, ildo horretatik, energia-eraginkortasunarekin lotutako hainbat proiektu jarri ditugu abian. Baina ez gara ahazten gizarte-zerbitzuak emateaz edo, ahal den neurrian, gure herriko kultura- eta kirol-jarduerari eusteaz”, esan du Auzmendik.

Horren erakusgarri dira Eguneko Arretarako Landa Zentroa kudeatzeko erabiltzen diren 78.000 euroak. Izan ere, hemendik aurrera zentro horrek asteburuetan ere janglea-zerbitzua eskaintzen du. Horrez gain, badaude 19.000 euro enplegu-programetarako, 48.000 euro euskara sustatzeko edo 138.000 euro kiroldegia kudeatzeko. Araiako Umore Jaialdiak 100.000 euro izango ditu eta beste hainbeste Musika Eskola kudeaketarako.