AKTUALITATEA


| 2019-12-16 11:16:00

EH Bilduk Arabako Lautadako Kuadrillako aurrekontua 65.000 eurotik gora handitzea proposatu du. Euskara bultzatzea, oinarrizko gizarte zerbitzuak indartzea eta Abiadura Handiko Trenaren egungo proiektuaren aurka egitea helburu duten hainbat zuzenketaren bidez egin du hori. Aurrekontuen eztabaida gaur arratsaldean izango da. 

 

Diru partidarik handiena, 37.700 eurokoa, datorren urtean Euskaraldia garatzeko da. Ekimen horrek euskararen erabilera bultzatzen jarraitu nahi du, eta 2020ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra bitartean kanpaina bat garatuko du, "Gehiago, gehiagorekin, alboan" izenburupean. Izan ere, joan den urrian Arabako Lautadako Euskaraldiaren Simulakroaren agertokia izan zen, eta bertan jarri ziren martxan arnasguneak, euskaraz komunikatzeko guneak. Ildo horretan sakontzeko jarraitzeko, EH Bilduk biztanle bakoitzeko 2,9 euro bideratzea proposatu du.

 

Beste 26.000 euro Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak indartzeko dira eta horretarako, lanaldi erdian pertsona bat gehiago kontratatzera planteatzen da. Horrela, Arabako Foru Aldundiak berak egindako azterlana betetzeaz gain, arreta areagotu behar zela ondorioztatzen baitzuen, zerbitzuan bertan somatu diren diren arreta-beharrei erantzun nahi zaio.

 

Azkenik, EH Bilduk 2.000 euroko partida bat sartu du, Sustapen Ministerioak Arabako Lautadan inposatu nahi duen Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkako jarduerak eta sentsibilizazio kanpainak bultzatzeko. Eskualdeko bizilagunek behin baino gehiagotan erakutsi dute proiektu horren aurka daudela, eta, aldi berean, tren sozial bat eskatu dute, bertako herritarren mugikortasun beharrei erantzuteko.