2020an, Arabako Errioxako Lurralde Plan Partziala egiteko lanei ekin zitzaien, hamabost udalerrik osatutako eremu funtzional hori osorik antolatu behar duen dokumentua. Horretarako, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuten eta lanak gauzatzeko epe batzuk ezarri zituzten. Epe horien arabera, 2020an zehar informazio eta diagnostiko fasea garatu zen 2021eko abuztuak plan horren aurrerapena aurkeztu ahal izateko. Ondoren, dokumentuaren hasierako onarpena 2022ko azaroan egitea aurreikusten zen hasieran, eta 2025eko otsailean behin betiko onarpena egiteko asmoa zuten egileek.
Hala ere, planaren aurrerapenak 16 hilabeteko atzerapena pilatu du dgaoeneko. Horregatik, EH Bilduk ekimen bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan atzerapen horren zergatiak eta epe berriak ezagutzeko. EH Bilduren ustez, eskualdearen garapenerako funtsezkoa da. Izan ere, irizpide asko jasoko dira dokumentu horretan, besteak beste, baliabideak, ekoizpen egiturak, hirigintza eta industria garapena, ingurumena eta paisaia edota osasun ekologikoarekin lotutako beste gai batzuk.
Arabako Errioxak 25 herrigune ditu eta 11.600 biztanle baino pixka bat gehiago, eta mahastizaintza eta ardogintza sektorearekiko lotura handia du. Hala ere, urtetik urtera biztanleria galtzen du, eta 2010etik mahastien azalera murriztu egin da. “Gure ustez, plan honek eskualdearen bilakaera baldintzatuko du datozen hamarkadetan, eta, beraz, funtsezkoa da bertan jasoko diren jarraibideen nondik norakoak ezagutzea” azaldu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkideak.