940.000 euroko inbertsioak egingo dira orotara, eta horien artean nabarmentzekoa da udal igerilekuak eraikitzera bideratutakoa
Samaniego. 2025-04-16 | Samaniegoko udal osoko bilkurak atzo onartu zituen 2025erako aurrekontuak: 940.328 euroko inbertsioak egingo dituzte udalerrian urte honetan zehar.
Samaniegoko alkate Pili Garmendiak poza adierazi du kontuak onartuko dituztelako, baina bereziki nabarmendu duenez, «Samaniegoko udalaren finantza egoera ona beste urte batez bermatuko da, kudeaketa errealista, zuhur eta zehatzari esker».
2025erako aurreikusitako inbertsioen artean, nabarmentzekoa da udal igerilekuak eraikitzera bideratutakoa, ia 234.000 eurokoa izango baita. Garmendia alkateak adierazi du inbertsio horrek ahalbidetuko duela «Samaniegok orain arte zeukan hutsune historikoa konpontzea. Izan ere, Arabako Errioxako herri bakarra zen igerileku publikorik ez zeukana».
Horrez gain, ahalegin berezia egingo da haur eskolaren hobekuntza lanak sustatzeko irisgarritasunaren ikuspuntutik, umeen zein irakasleen erosotasuna bermatzeko helburuarekin.
Bestalde, futbol zelaiko soropila aldatzeko 234.000 euro bideratuko dira. Ezin da ahaztu Samaniegokoa dela erreferentziazko futbol zelaia Arabako Errioxako talde guztientzat, Oiongo La Oyonesa taldearentzat izan ezik. Garmendiaren esanetan, beraz, «eskualdeko inbertsioa da futbol zelaikoa, Samaniegoko udalak bere gain hartzen duena Arabako Errioxa guztiaren mesedetan».
Hiri-altzarien partidaren kargura, halaber, desfibriladore bat erostea aurreikusi da, eremu publiko batean instalatzeko, beharra duen edonori premiazko arreta emateko.
Inbertsio txikiagoak ere egingo ditu Samaniegok, hala nola landa bideak berritzeko edota udalerrian bestelako lan txikiak egiteko, baita udalerriaren etorkizuneko antolamendurako plana diseinatzeko ere.