Besteak beste, egoitza bakoitzeko arretaren kalitatea adierazten duen sistema grafiko bat gehitzea proposatzen du, erabiltzaileen eta senideen artean egindako inkestetan oinarrituta
Araba | 2024-10-29. EH Bildu Arabak mozioa aurkeztu du Batzar Nagusietan eztabaidatzeko, Arabako Foru Aldundiak lurraldeko adinekoentzako egoitza-zentroen katalogoa sor dezan. Katalogoaren helburua da familiei beren adineko senideentzako zentro egoki bat aukeratzen laguntzea, gaur egun duten informazioa urria baita.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak adierazi du EH Bilduren lehentasunetako bat zaintza publiko duinak eta kalitatezkoak bermatzea dela. «EH Bildutik, jendaurrean eta pribatuan esan dugu, beti egingo dugu lan zaintza sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzeko, pribatuak zein publikoak izan, eta beti lan egingo dugu erabiltzaileak ondo artatuta egon daitezen».
Bestalde, Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak esan du Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak egoitzei buruzko zerrenda bat helarazi ohi diela familiei, baina «ematen diren datu bakarrak zentroaren izena, helbidea, telefonoa eta plaza kopurua dira. Hau da, familia da, zerrenda horretan oinarrituta, bestelako informazioa bilatu behar duena, telefonoz deituz edo zentro bakoitzaren webguneetara joz. Egoitza batzuek informazio zabaleko orriak dituzte, baina beste batzuek ez dute hainbesteko informaziorik». Batzarkideak uste du informazio hori ez dela nahikoa, eta honako hauek ere sartzea proposatu du: «Zentro horietan lan egiten duten profesionalen kopurua, zentro horretan egindako ikuskapen-kopurua, langile-ratioa edo egoitzan sartzeko sinatu behar den kontratua aurkitu ahal izatea».
Adierazleen sistema
EH Bilduk 2022an aurkeztu zuen proposamena, baina EAJren eta PSEren orduko Gobernuaren gehiengo osoak eragotzi egin zuen aurrera egitea. Orain, EH Bilduk berrikuntza batekin aurkeztu du ekimena: informazioen artean egoitza-arretaren kalitate-sistema grafiko bat jasotzea proposatu dute, erabiltzaileen eta senideen artean egindako inkestetan oinarrituta.
Lopez de Arroyabek azpimarratu du familiei «lurraldeko egoitzek eskaintzen dituzten zerbitzuen eta kalitatearen berri» ematearen garrantzia, «zerbitzuak, ratioak, kostuak edo bisita-erregimena zehaztuz».
«Familiok informazio hori modu arin eta eraginkorrean eskuratzeko aukera izan behar dugu, eta horregatik daramagu ekimen hau osoko bilkurara, talde guztien artean familiei laguntzeko modu bat adostuko dugulakoan, gertuko pertsona bat egoitza batean sartzeak dakarren prozesuan», amaitu du bozeramaileak.