AKTUALITATEA


| 2024-06-06 14:15:00

Oionek Arabako ekitaldi politiko nagusia hartu du gaur arratsaldean, Aitziber Salazar eta Ibon San Saturninoren hitzartzearekin. Europako Parlamenturako hautagaiak azpimarratu duenez, igande honetan "justizia sozialaren eta gutxiengo elite baten pribilegioen artean" bozkatuko da. “Ez dago ultraeskuindar on edo txarrik. Eta eskuindarrek, espainiarrak, europarrak edo euskaldunak izan, ez dituzte klase herrikoiak defendatzen; gutxi batzuen pribilegioak babesten dituzte bakarrik. Hori agerian geratzen da etxebizitza luxu bihurtzen denean eta pertsonen eskubideak gutxi batzuen interesengatik sakrifikatzen direnean. Patronalen, euskal eskuinaren eta Espainiako eskuinaren lehentasunek bat egiteak beraien benetako interesa erakusten dute: pribilegioei eustea”, nabarmendu du.

Bestalde, EH Bilduren Arabako arduradun politikoak gogorarazi du Oion Arabako herririk populatuenen artean EH Bilduk lehen indarra izatea lortu zuela aurreko hauteskunde autonomikoetan. Emaitzak errepikatzea da orain erronka, Pernando Barrena Bruselan euskal ahotsa izan dadin eta Euskal Herri osoaren eskubide sozial eta nazionalak han defenda ditzan. “Gernikako seme-alabak gara -nazio antifaxista eta bakezale gisa irudikatzen gaituen sinboloa-, eta igandean gure botoak Euskal Herria kontinente zahar honen bihotzean marrazteko balio behar du", ziurtatu du.

EH Bilduren ekitaldia Miranda de Ebron

Bestalde, EH Bilduk eta Orain Errepublikak-ek jendearen kezkak eztabaidaren erdigunean jarri dituztela defendatu du gaur Oskar Matutek Miranda de Ebron. “Europak Ukrania, Palestina edo Sudaneko gatazken aurrean jokatu beharreko paperaz hitz egiten dugu edota austerizidiora itzultzeko dagoen arriskuaz ere hitz egiten dugu horrek ekarriko dituelako murrizketak, langabezia, prekarietatea, deslokalizazioak eta etxegabetzeak eta hori da jendearen benetako kezka”, nabarmendu du EH Biduren diputatuak.

Aitzitik, beste alderdi politiko batzuk errealitatetik urrun dauden bestelako gaietan zentratu dira. “Alde batetik, PP eta PSOE hauteskunde orokorren bigarren bueltan murgilduta daude. Beste aldetik, Estatuko ezkerrak lehia batean daude jakiteko nor gelditzen den noren gainean balizko beste bateratze prozesu baten zain”, laburbildu du.