. Altsasu eta Miranda arteko tren zerbitzu berrian maiztasun gehiago, irisgarritasunean hobekuntzak eta BAT txartelarekiko bateragarritasuna proposatu ditu gaur Aguraingo Udalak. Hala jakinarazi dio gaur Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuari, trenbide-korridoreko udalekin gaur egin duten bileran.
"Oso ongi baloratzen dugu zerbitzuaren ezarpena. Datu zehatzik ez dugun arren, badakigu asko handitu egin dela orain trenez desplazatzen den jendearen kopurua. Baina premiazkoa eta beharrezkoa da hiru eremu horietan zerbitzua hobetzen jarraitzea: maiztasunak, irisgarritasuna eta BAT txartelarekiko bateragarritasuna", nabarmendu du Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak.
Gauzak horrela, maiztasunak hobetu egin dira, baina bete beharreko ordu-tarte garrantzitsuak daude. Aguraindik Gasteizerako norabidean, adibidez, ez dago trenik goiz-erdian (9:30etik 13:00etara) eta arratsalde-erdian (16:30etik 20:00etara). Gasteiztik itzultzeko ere zerbitzu falta dago arratsaldean (15:15 eta 18:15 artean) eta pertsona batzuk 20:00etan ateratzen dira lanetik baina 21:30ak arte ez dute itzultzeko trenik. Gainera, astegunetan 23:00etan Gasteiztik itzultzeko tren bat dago, asteburuan kentzen dutena, eta gure ustez mantendu egin beharko litzateke, Gasteiztik kanpo bizi garenok aisialdiaz gozatu eta etxera segurtasunez itzuli ahal izateko.
“Bestetik, gure ustez, zerbitzuak duen arazo larriena trenen eta geltokien irisgarritasun falta da. Premiaz egin beharko lirateke irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren ekintzak, pertsona guztiek izan dezaten garraio publiko horretaz gozatzeko aukera. Une honetan, bagoietara sartzeko eskaileren altuerak eta nasatik trenera arte uzten duten distantzia handiak arriskutsuak dira edonorentzat, baina guztiz eskuraezinak adinekoentzat edo mugikortasun txikia dutenentzat”, gaineratu du Lopez de Uraldek.
Amaitzeko, nabarmendu du “aukera ezin hobea da herritarrak garraio publikoaren erabilera masibora erakartzeko, baina horretarako zerbitzu publikoak egokitu eta hobetu behar dira. Ildo horretan, beharrezkoa da, baita ere, BAT txartela trenbide-zerbitzu horrekin bateragarri egitea, eta hala jakinarazi zaio Eusko Jaurlaritzari; horrek lagunduko ligukeelako herritarrak fidelizatzen administrazioek sustatzen dituzten garraio publiko ezberdinekin”.