AKTUALITATEA


| 2026-05-13 09:22:00

Trantsizio energetiko partekatu, ordenatu, justu eta arduratsu baterako eskualdeko eztabaida prozesuak bultzatzeko EH Bilduren mozio baten aurka bozkatu dute taldeek

Araba. 2026-05-13 | Arabako Batzar Nagusiek gaur egin duten osoko bilkuran, EAJk, PSEk eta gainerako taldeek EH Bilduren ekimen baten aurka bozkatu dute. Ekimen horrek Aldundiari eskatzen zion «Eusko Jaurlaritzarekin batera, eskualde mailako deliberazio-prozesuak sustatzeko, energia-trantsizioa ahalik eta modu partekatu, ordenatu, justu eta arduratsuenean egitea bermatzeko».

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du 2019ko jasangarritasun energetikoaren legeak ezarri zuela Eusko Jaurlaritzak bi urteko epean onartu behar zuela Energia Berriztagarrien Lurraldeko Arlo Plana. «Bost urte igaro dira epea amaitu zenetik, eta oraindik ez da behin betiko plana onartu. Egoera horrek lurraldearen antolamendu falta nabarmena eragin du, eta, ondorioz, hainbat enpresak beren proiektuak edonon proiektatzeko aukera ikusi dute. Eusko Jaurlaritzak bere eginkizunei uko egiteak ezinegona eragin du gizartean, batez ere Araba bezalako lurralde batean, non proiektuak bata bestearen atzetik metatu diren inolako antolaketarik gabe».

Bozeramaile subiranistak gogorarazi duenez, 2024tik aurrera, eskualdeetan eztabaida prozesuak abiaraztera ere behartzen du legeak, eta bi urte igaro diren arren, oraindik ez dago horien berririk. Egoera horren aurrean, EH Bildu kezkatuta agertu da, are gehiago kontuan hartuta «2025eko aurrekontuetan Arabako Foru Aldundiak 80.000 € zituela (10.000 €kuadrillako) Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko gai horretan, eta ez zuela euro bat ere gastatu». «EH Bilduren ustez, trantsizio ekosoziala gai estrategikoa da, eta beharrezkoa da gizartearekin lankidetzan aurrera egitea, gobernantza kolaboratiboa sustatuz. Aurrean dugun erronka handiegia delako dena merkatuaren logikaren esku uzteko», adierazi du Lopez de Arroyabek.

«Gobernuak hutsune legal bat utzi du, multinazionalak aprobetxatzen ari direna proiektuak zatitzeko eta ingurumen-ebaluazio zorrotzagoak saihesteko edota urruneko beste administrazio batzuetan izapidetzeko». Kaos horren adibide dira Vitoria Solar 1 eta 2 proiektuak, duela gutxi dagozkien baimenak ukatu baitzaizkie.

Mozioak, halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion «proiektu eoliko eta fotovoltaikoak hedatzeko ordena ezartzeko ardura bere gain har dezala», baita «benetako inplikazioa» ere Foru Aldundiari, «benetako trantsizio ekosozial ordenatu, zuzen eta arduratsu baterako, bizi dugun larrialdi klimatikoaren aurrean».