Bira maiatzaren 21ean hasiko da Korresen, Mendialdean, eta ekainaren 11n amaituko da Aiaran, Gopegitik (Gorbeialdea), Pobesetik (Añana) eta Arrietatik (Lautada) igarota
Araba. 11-05-2026 | Joan den apirilaren 16an Arabako Lurralde Historikoko 332 kontzejuen funtzionamendua arautzen duen foru arau proposamena erregistratu ondoren, EH Bildu Araba batzarkide taldeak hainbat herritan egingo duen bira aurkeztu du gaur, Foru Gobernuarekin adostutako proiektu hori bera aurkezteko.
EH Bilduk eta Foru Gobernuak Kontzejuen Foru Arau berrirako testu artikulatu bat adostu zuten iazko ekainean, Arabako Batzar Nagusietan egin den kontzejuen ponentziatik ateratako ondorioetan oinarrituta.
Proposamenak, 1995eko araua eguneratzeko aukera emango duenak, hainbat hobekuntza jasotzen ditu. Besteak beste, nabarmentzekoak dira kontzeju-erroldan sartu ahal izatea, hautetsiek prestakuntza jasotzea, kontzejuei zerbitzua emateko administrazioko langileak izatea, barne-gatazkak konpontzeko organo berritzaile bat sortzea eta kontzejuentzako izapideen kudeaketa erraztuko duen leihatila bakarra sortzea. Bestelako hobekuntzak sartu dira, hala nola bilkura-deialdietan, fede-emailearen figuran edo beren eginkizunak betetzeko hautetsiek lanpostuetatik alde egin behar dutela aitortzean.
«Gardentasun osoz»
Araua iaz izapidetu behar zen, baina hilabeteak aurrera zihoazela eta foru arau baten tramitazioak bere denbora behar duela ikusita, EH Bilduk Gobernuarekin adostutako testua erregistratzea erabaki zuen. «Ez da EH Bilduk aurkeztuko zukeen araua, hainbat hilabetetako negoziazioen ondoren adostu dugun araua baizik. Pozik gaude behin betiko testuarekin. Akordio hori su txikian landu da, eta herritarrengandik hurbilen dauden erakundeek tresna gehiago eta hobeak izatea ahalbidetuko du», nabarmendu zuen Eva Lopez de Arroyabek proposamena erregistratu bezain laster. Orain, akordio honen eduki zehatza aurkeztuko diete Arabako kontzejuetako ordezkariei. Topaketak maiatzaren 21ean hasiko dira Korresen, eta ekainaren 2an iritsiko dira Gopegira eta hurrengo egunean, ekainaren 3an, Pobesera. Lautadaren kasuan, bilera Arrietan izango da maiatzaren 28an, eta bira Aiaran amaituko da ekainaren 11n.
«Beharrezkoa da kontzejuek eta bertan bizi diren pertsonek beren egunerokoan eragina izango duen testua zuzenean ezagutzea eta, gainera, sor daitezkeen gai guztiak argitu ahal izatea. Izan ere, EH Bilduren funtsezko zutabeetako bat da herritarrekin etengabe eta zuzenean hitz egitea, eta horregatik hilabete honetan hainbat saio egingo ditugu egoeraren berri emateko, gardentasun osoz», esan du Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak.