AKTUALITATEA


| 2020-04-03 21:00:00

COVID 19-k eragindako krisi sozio-sanitarioa hasi zenetik, behin eta berriz eskatu dugu udal krisi mahai bat sortzea talde politiko guztien artean orain arte hartutako neurrien balorazioa egiteko eta aurrera begirako proposamenak egiteko, elkarlanean aritzeko, alegia. López de Uraldek azpimarratu duen moduan, “krisi honen hasieratik luzatu diogu elkarlanerako eskua Gobernu Taldeari baina, behin eta berriz, Aguraingo Alkateak entzungor egin du, ez du elkarlanerako inolako borondaterik adierazi”. Hainbat proposamen egin genizkion Udalari pasa den martxoaren 18an eta hauetako asko berandu eta oposizioarekin kontatu gabe gauzatzen joan da Udala. “Espero dugu, oraingoan, arlo sozialean, zerga politikan eta garapen ekonomikoan aurkezten ditugun neurri berriak elkarlanean eztabaidatu eta aurrera eramateko aukera ematea” gaineratu du Lopez de Uraldek. Izan ere, “krisi honetatik ahalik eta azkarren eta ahalik eta hobekien ateratzea guztion ardura da”

Enplegu publikoari dagokionez, udaleko langileek eta azpikontratatutako enpresetako langile subrogatuek beraien lan baldintzetan krisiaren ondoriozko kalterik ez pairatzeko neurriak proposatu ditugu, hala nola, azpikontratatutako enpresekin kontratuak indarrean mantentzea, telelana bultzatzea edota langileei online bidezko formazio kurtsoak eskaintzea adibidez. Horrez gain, langileen osasuna zaintzeko segurtasun protokoloak betetzen direla kontrolatzea ere eskatu dugu.

Neurri sozialei dagokienez, planteatzen dugu adinekoak eta behar bereziak dituzten pertsonak laguntzeko Agurainen sortu den herritarren sarearekin elkarlana sustatzea bilatu behar duela Udalak, behar dituzten baliabideak eta laguntza eskainiz. Horrez gain, gure ustez, bakarrik edo arrisku egoeran egon daitezkeen herritarrak identifikatzeko bideak erraztu behar dira, bai telefono bat eskainiz, bai zuzeneko jarraipena eginez udal zerbitzuetatik. Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei arreta berezia jartzea ere eskatu dugu.

Bestalde, etxeko langileei zaintza eta babesa berezia eskaintzea ezinbestekoa jotzen dugu, askok lana galdu dutelako eta beste askok lan-baldintzak zein osasun-baldintzak bermatuta ez dituztelako. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza eta Sallurtegi Egoitzako gizarte langileei ostatu seguruak eskaintzeko saiakera egitea ere eskatu dugu.

 

Zerga politika eta tokiko aktibazio ekonomikoa

Zerga politikari dagokionez, alarma egoeran jarduera eten edo minimoetan mantendu behar izan duten enpresa txiki, ostalari, zerbitzu edo merkatariei laguntzeko hainbat neurri proposatu ditugu. Hala nola, zerga, tasa eta prezio publiko ororen ordainketa atzeratu edo zatikatzea, Agurainen jarduera ekonomikoa gauzatzen duten ibilgailuen gaineko zergari %50eko hobaria aplikatzea, lurzoru publikoaren okupazio tasa martxotik ekainera bitartean salbuestea, edota zabor eta ur tasetan %25eko hobaria aplikatzea, besteak beste.

Azkenik, garapen ekonomikoaren arloan, enpresa eta merkataritzaren aktibazioa dinamizatzeko gaur egun ACICSArekin dadoen Udal hitzarmena indartzea proposatzen dugu eta, tokiko eta eskualdeko ekoizle eta merkatariak babesteko asmoz, haientzako astearteko azoka mantentzea ere proposatu dugu. “Horretarako baliabideak eskaini behar dira, erosleei nahiz ekoizleei eragingo dien segurtasun neurri berezien protokolo bat jarraituta eta salmenta egungo errealitatera egokituta” azaldu du Lopez de Uraldek.

Hemen duzue osorik Udalera bideratutako idatzia https://issuu.com/ehbilduagurain/docs/200403_medidas_covid-19