AKTUALITATEA


| 2022-11-02 10:00:00

EH Bilduk 2023ko aurrekontu proiektuari egindako 21 zuzenketa erregistratu ditu Aguraingo Udalean. Guztira, 1,3 milioi euroko proposamenak dira eta datorren astelehenean eztabaidatuko dira.

EH Bilduk egindako proposamenen artean, nabarmentzekoak dira energia-erronkari heltzeko beharrari buruzkoak, autokontsumo elektrikorako energia berriztagarriak sortzeko sistemak instalatuz (500.000 euro) eta egungo gasolio-galdaren ordez herriko igerileku estalietan eta adinekoen zentroan biomasa-galdarak jarriz (150.000 euro). Raul Lopez de Uralde, EH Bilduko bozeramalearen esanetan, “erregai fosilak atzean utzi eta kontsumitzen dugun energia iturri berriztagarrien bidez sortzen hasteko unea iritsi da, premiazkoa da eta finantzazio nahikoa badugu bidea hasteko”.

Gazteentzako alokairu sozialeko 11 etxebizitza sortzeko helburuarekin, jabetza publikoa duen Bustamante jauregia (275.000 euro) birgaitzea da EH Bilduk udal aurrekontuei egindako beste proposamen garrantzitsu bat. Proiektu honek bi helburu ditu: batetik, Aguraingo gazteei emantzipatzeko lehen aukera bat eskaintzea, eta, bestetik, Aguraingo alde zaharra suspertzea, duela hamarkada batetik gainbehera etengabean baitago.

Egindako proposamenen artean, Aguraingo bizilagunek sarritan eskatutako jarduerak ere jasotzen dira, hala nola igerileku estalietako aldagelak eraberritzea (100.000 euro), Hirigune Historikoa Biziberritzeko Planaren esparruan hainbat jarduera gauzatzea (20.000 euro), Senda Langarika eta martxoaren 3ko kaleen irisgarritasuna hobetzea (50.000 euro) edota hiri-altzariak hobetzeko inbertsioak handitzea, egungo paperontziak birziklatzeko paperontziekin ordezkatuta, besteak beste.

Bestalde, EH Bilduren proposamena da Aguraingo Udaleko lanpostuen balorazioa berri bat egitea eta hiru lanpostu berri sortzea: hizkuntza-normalizazioko teknikari bat, elektrizitatean espezializatutako peoi bat eta lanaldi erdian gizarte-zerbitzuetako administrari plaza berri bat. Aguraingo Udalean euskararen erabilera sustatzeko eta politika feministetan aurrera egiteko partidek osatu dute EH Bilduren proposamena hurrengo urterako.