AKTUALITATEA


| 2022-09-20 09:48:00

Datorren urteko udal zerga eta tasa guztiak herritarrei izoztea proposatu du EH Bilduk hurrengo urteari begira. Horrela dago jasota dagoeneko Udalean erroldatu duen proposamenean. Horrez gain, Hondakinen tasan errentaren araberako hobarien taula bat ezartzea planteatu du. Gauzak horrela, bizikidetzaren unitatean dagoen kideen arabera eta errentaren arabera %30etik %95era hobaria izateko aukera egongo litzateke.  Hobari berdinak planteatu du Ondasun Higiezin Zergarako.

Baina horrez gain, eta efizientzia energetikoa zein alokairua bultzatzeko hobariak ezartzearen alde azaldu da EH Bildu. Ildo horretan, “Etxebizitza Hutsaren programan” sartutako etxebizitzek edota eguzkitik edo beste energia berriztagarri batzuetatik datorren energia aprobetxatzeko sistemak ezarri eta A edo B energia-ziurtagiria lortzen dutenek kotaren erdia ordainduko lukete. Aldiz, etxebizitza hutsek %50eko errekargua izango lukete.

Raul Lopez de Uralde EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu duenez “gure zerga eta tasek beren progresibitatea hobetzeko marjina dute gaur egun”. Hori dela eta, gehien duenak gehiago ordaintzeko asmoz OHZn balio katastral handiena duten enpresen  eraikinei KPIren araberako igoera aplikatzea proposatu du. “Ezinbestekoa da baliabide ekonomiko nahikoak izatea Agurainen gizarte-babesa bermatzeko eta kalitatezko politika publikoak garatzeko. Horretarako, bizi dugun errealitate sozioekonomikoan oinarrituta proposamenak egin ditugu”, gaineratu du Lopez de Uraldek.

Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergari dagokionez, orain ez bezala, enpresek duten fakturazioaren araberako zerga ezartzeko proposamena egin du. Neurri honekin, gehien fakturatzen duten enpresei gehiago kobratzea lortuko litzateke. Azkenik, berdintasun legeak udal fiskalitatearen gainean agintzen duen Genero-inpaktuaren txostena egitea galdegin du EH Bilduk.