EH Bildu Agurainek Ernesto Sainz Alkateari exijitu dio Osakidetzari eskatu diozaiola aguraindarren baheketa masiboa eta aztarnarien errefortzua lehen bai lehen egin dezala. Agurain urriaren 25ean eremu gorrian sartu zenetik, intzidentziak gora egin du etengabe, eta 2.279 kasu ditu 100.000 biztanleko. Lezaren atzetik, Agurain da seigarren olatu honetan eragin handiena duen Arabako bigarren herria.
Azaroaren 3an, eremu gorrian sartu ondoren, Aguraingo Udalak, Tokiko Gobernu Batzarrean, birusaren hedapena geldiarazteko hainbat neurri hartzea erabaki zuen, EH Bildu kontuan izan gabe. Bando baten bidez, herritarrei jakinarazi zien haur-parkeak eta skate-pista itxiko zituztela; Udalak programatutako jarduerak bertan behera utziko zituztela, baldin eta ezin bazuten bermatu distantzia soziala, aireztapena eta maskararen erabilera beteko zirela; azkenik, kultura- zein kirol-jardueretarako, herritarren artean birusaren hedapena geldiarazteko zehaztu gabeko zenbait neurri hartzea.
“Gaur, abenduak 3, 100.000 biztanleko 2.279,10 kasuko tasarekin, neurri berdinekin jarraitzen dugu gobernu taldearen inolako erreakziorik gabe, beraz, uste dugu Osasun Sailari birusaren hedapena kontrolatzeko neurri berriak eskatzeko ordua iritsi dela”, esan du Aguraingo Udaleko EH Bilduren bozeramaile Raul Lopez de Uraldek. Zehazki, gaineratu du “pandemiaren kudeaketaren egungo egoera kaotiko honen aurrean ezinbestekoa da aztarnarien zerbitzua indartzea eta aguraindar guztiei baheketa masibo bat egitea, txertatu gabe dauden kolektiboetan (12 urtetik beherako haurrak) arreta berezia jarriz”