AKTUALITATEA

Nazioartea | 2026-10-27

Israelgo agintariek Zisjordanian sartzea eragotzi diote Josu Estarronari, EH Bilduko senatari eta Arabako Senaturako hautagaiari, Jordaniatik nazioarteko ordezkaritza batekin batera sartzen saiatzen ari zela. Estarronak salatu duenez, 12 ordu inguru eduki zuten atxikita Jordania eta Zisjordania arteko Allenbyko mugako pasabidean, eta Israelgo armadako soldaduek galdekatu egin zuten, azkenean sartzea debekatu aurretik.

Progressive International erakundeak antolatutako bidaian, besteak beste, honako ordezkari hauek ere parte hartzen zuten: Clive Lewis Alderdi Laboristako eta Lara Bird Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) Erresuma Batuko Parlamentuko diputatuak; Kate Nevens Eskoziako Alderdi Berdeko parlamentaria; eta Sam Tarry Alderdi Laboristako diputatu ohia.

EH Bilduk Israelgo agintarien jokabidea salatu du, ordezkari politikoek eta nazioarteko erakundeek Israelgo okupazioaren errealitatea bertatik bertara ezagutzea eragozteko saiakeratzat jotzen baitu. Indar subiranistaren iritziz, Israelek ez du testigurik nahi palestinar herriak pairatzen dituen okupazioaren eta indarkeriaren aurrean.
EH Bilduk azpimarratu du, halaber, nazioarteko ordezkaritzari gertatutakoa palestinar herriak egunero pairatzen dituen murrizketen adibide txiki bat besterik ez dela. Europako ordezkariak beren herrialdeetara itzul daitezkeen bitartean, milioika palestinarrek beren mugitzeko askatasuna mugatzen duen, beren lurretatik kanporatzen dituen eta beren bizitzak arriskuan jartzen dituen okupazioaren menpe jarraitzen dute.

Zisjordanian kolono israeldarren indarkeria areagotzen ari den honetan gertatu da sarrera debekatzea, operazio militarrak, etxebizitzen eraisketak eta herritarren behartutako lekualdatzeak ere ugaritzen ari diren testuinguruan. Nazio Batuen Erakundearen arabera, irailaren 1etik urriaren 19ra bitartean, olibak biltzearekin lotutako kolonoen 272 eraso dokumentatu ziren. Eraso horietan, 200 palestinar zauritu ziren eta 3.200 olibondo baino gehiago kaltetu zituzten.

EH Bilduk berriro salatu du Israelek Gazan burututako genozidioa. Nazio Batuen Erakundeko nazioarteko ikerketa batzorde independente batek ere genozidio hori salatu du, eta urriaren 26 honetan argitaratutako ondorio berrietan Gazako Zerrendan ekintza genozidek jarraitzen dutela eta Zisjordaniako egoerak okerrera egin duela ohartarazi du. EH Bilduk Israelen zigorgabetasunari amaiera ematea eta nazioarteko presioa areagotzea exijitu du. Era berean, genozidioa eta okupazioa salatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, baita palestinar herriarekin harreman politikoak eta elkartasun-loturak sendotzen jarraitzekoa ere.

Palestinarekin harreman politikoan eta nazioarteko elkartasuna indartzeko kongresua

Estarronak Palestinaren Deskolonizazioari buruzko Kongresuaren bigarren edizioan parte hartzeko asmoa zuen. Progressive International erakundeak antolatutako kongresua da, Birzeit Unibertsitate Publikoarekin eta Palestinako erakundeekin elkarlanean. Topaketak hainbat herrialdetako ordezkari politikoak, akademikoak, sindikalak eta gizarte-mugimenduetako kideak biltzen ditu, Palestinako egoera aztertzeko, nazioarteko elkartasun-sareak indartzeko eta lankidetza-ekimenak sustatzeko.

Jardunaldietan parte hartzeaz gain, ordezkaritzak Palestinako ordezkari politikoekin eta gizarte zibileko erakundeekin biltzeko, Zisjordaniako hainbat herri bisitatzeko eta nekazaritza-komunitateei oliba-bilketan laguntzeko asmoa zuen. Izan ere, kolono israeldarren indarkeriak mehatxupean jarri du oliba-bilketa.

Ez zen Estarronak Palestinara egiten zuen lehen bisita. 2025eko azaroan kongresuaren lehen edizioan parte hartu zuen, eta bertan okupazioaren errealitatea bertatik bertara ezagutu eta Palestinako hainbat erakunderekin harremanak egin ahal izan zituen.

Bisita hartan, besteak beste, palestinarrekin batera kufirriña bat egin zuten, ikurriña eta Palestinako kufiya tradizionala uztartzen dituen bandera. Ondoren, Euskal Herrira ekarri zuten, eta 2025eko azaroaren 15ean San Mamesen jokatutako Euskal Herriko eta Palestinako selekzioen arteko partidan izan zen ikusgai. Bi herrien arteko elkartasunaren eta EH Bilduk bidaia berri honekin jarraipena eman nahi zien loturen ikur.