AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-09-05

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea Imanol Pradales lehendakariak Euskal Osasun Itun bat adosteko deitu duen bileran parte hartzen ari da Bilbon. Bileran sartu aurretik eginiko adierazpenetan Uberak azaldu du Pradalesen ekimena osoko zuzenketa bat dela aurreko Gobernuarentzat eta haren gobernantza ereduarentzat. «Duela urtebete Osakidetzan arazo bat zegoenik ukatu egiten zen Jaurlaritzaren aldetik eta badirudi orain, formetan bada ere, Gobernuak urteetako jarrera zuzendu egin duela. Hemendik aurrera ikusi beharko da formetatik eta hitzetatik haratago, ekintzetan eta edukian ere benetako zuzenketa egongo den. Herritarrak hori eskatzen ari dira premiaz eta gu, orain arte bezala, behintzat saiatuko gara, Osasun Sistema Publikoa egoera honetara ekarri duten politikak iraultzen. Orain arte urteetan osasun arloan ez da politikak adosteko kulturarik egon eragile desberdinekin, eta itun honek kultura aldaketa horri ekiteko bidea izan behar du».

Ubera pozik agertu da lehendakariak Osasun Mahaia deitu izanarekin, «EH Bildu pandemia garaitik planteatzen ari zen ezohiko mekanismoa martxan jartzea» ekar dezakeelako. «Mahaia deitu izana bada modu batera, aurreko gobernantzari egiten zaion zuzenketa, eta orain ikusi beharko da zertan konkretatzen den». Edonola ere, legebiltzarkideak ohartarazi du «itun bat ez dela aski, ondoren bete egin beharko delako eta bitartean eguneroko kudeaketa eredua aldatu behar delako premiaz».