Pernando Barrena EH Bilduren eurodiputatua Euskadi Irratian elkarrizketatu dute, gaur goizean. Barrenaren esanetan, «azken hilabete hauetan PPk Europako parlamentua bihurtu du Espainiako politikaren luzapena. Madrilen antolatuta duten erasoan aportazioa egiten dute Europan. Batzuetan egoera kuriosoak sortzen dira eta espektakuluak montatzen ari dira. DANAren inguruan gertatutakoekin oso nabarmena da. Estatu askotako eurodiputatuak kritikoak dira jarrera horrekin».
Eurodiputatuak azaldu duenez, «Europako Alderdi Popularreko kide batzuk ez daude batere eroso egoera horretan». «Ultraeskuinari historikoki egin zaion kordoia mantentzen den edo ez dago hemen jokoan. Weber eta bere sektorea prest egon daiteke ultraeskuinari atea irekitzeko. Funtsean eztabaida hori da muinean dagoena. Honek guztiak beste taldeoi interpelazioa egiten digu, batez ere sozialdemokratei. Alderdi Popularra konturatu da ultraeskuineko hiru alderdiekin nahikoa daukala gehiengoak osatzeko, eta tentazioa hor dute».
Ultraeskuinaren gorako tendentzia ere hizpide izan dute. «Europako Parlamentuan ultraeskuineko hiru talde dago. Beraien artean ere desadostasunak daude, Europak mundu mailan jokatu behar duen paperaren inguruan. Honek guztiak erakusten du legealdia konplikatua izango dela politika aurrerakoiei eta herri txikiei interesei dagokionean. Trumpen garaipenak areagotzen du hori guztia», esan du eurodiputatuak.
Barrenaren ustetan Europak gogoetan sakonak egin beharrak dauzka mundu mailako testuinguruaren aurrean. «Europak daukan irtenbide bakarra da hausnarketa sakona egitea mundu mailan daukan paperaren inguruan. Orain arte, AEBren jarraipena egitera mugatu da. Nazioarteko harremanak beste era batera ulertu behar ditu Europako Batasunak, eta kolaborazio esparruak bilatu behar ditu. Batez ere, autonomia europarra bermatu behar du. Mundu mailako planteamendu geopolitikoan Europak bere itzala bermatu behar du, eta hori erabili behar du Europa sortzeko balioak zabaldu behar dituela. Trumpen garaipenarekin, Europak erabaki handiak hartu behar ditu», nabarmendu du.